Erantzun isila Gasteizen, azken erailketa matxista salatzeko
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, ehunka lagun batu dira Gasteizko elkarretaratzean. Amurrion ere azken eraso matxistari erantzun zioten asteazkenean Otsemeak talde feministak deituta.
Ehunka lagun batu dira Gasteizko erdialdean azken erailketa matxista salatzeko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, isilik erantzun diote azken erailketa matxistari Andra Maria Zuriaren enparantzan. Hasiera batean, manifestazioa egitea aurreikusita zegoen, baina elkarretaratzea egin da azkenik: isilik eta kandelak nagusi.
Izan ere, Gasteizko 44 urteko emakume bat erail dute aste honetan Miranda Ebron, Burgosen. Arma zuriz hil dute emakumea eta bere bikotekidea urriaren 3ko arratsaldean atxilotu zuten: 18 eta 15 urteko bi seme-alaba zituen, eta banantzeko prozesuan zegoen.
Gogoratu beharra dago, azken hiru astetan indarkeria matxistagatik Euskal Herrian erailtzen duten hirugarren emakumea dela hau.
Gasteizko mobilizazioaren argazkiak
Amurrion ere, kalera, azken eraso matxista salatzera
25 urteko gizonezko bat atxilotu dute Amurrion, bikotekide ohia erasotzeagatik. Otsemeak eragile feministak elkarretaratzea egin zuen asteazkenean herriko enparantzan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!