Epaile batek euskara “zaila” dela argudiatu du hizkuntza eskakizun bat saihesteko
Hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile bati arrazoia eman dio Gasteizko epaile batek, euskara "munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela" esanez. Europako Batasunaren direktiba bat baliatu du esateko "diskriminatzailea" dela 45 urte gorako bitarteko funtzionarioei euskara eskatzea. through Alea.eus
Euskara “munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela” argudiatu du Gasteizko epaile batek Laudioko Udalaren eta kaleratutako funtzionario baten arteko auzi batean. Arrazoibide juridikoan sakonduta, erantsi du zailtasunari dagokionez “zenbait zerrendatan lehen postuan” dagoela euskara.
Udal horretan hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen bitarteko funtzionarioari arrazoia eman dio epaileak, argudio horren bitartez. Epaia iazko abenduaren 30ean kaleratu zen, baina orain arte ez da ezagutarazi horren edukia.
Arrazoibidean, epaileak hizkuntzalaritzara jo du, baita ere. “Hizkuntza honen zailtasun nagusia da ez duela inolako loturarik beste ezein hizkuntzarekin; izan ere, denboran zehar bilakaera isolatua izan du, eta horri gehitzen zaio bere egituraren konplexutasuna; hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatzen da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean”.
Horrez gain, epaileak dio 45 urte baino gehiago dituzten bitarteko funtzionarioei ezin zaiela hizkuntza eskakizuna eskatu. Argudiatu du euskararen normalizaziorako 86/1997 dekretuak hizkuntza eskakizunak betetzeko beharra kentzen diela 45 urtetik gorako funtzionario titularrei.
Bitarteko postua zuen langile honen kasuan, Europako Batasuneko 1999/70/CE direktibara jo du epaileak, eta, haren babesean, esan du bitarteko funtzionarioen eta funtzionario titularren arteko bereizketa hau “diskriminatzailea” dela; hortaz, eskakizun hori “aplikaezina” dela deritzo. “Europako Direktiba, bere ezarpenean, 86/1997 Euskal Dekretuari gailentzen zaio”, ebatzi du.
Langilea 2014tik lanean zegoen bitarteko funtzionario gisa, 2020an kaleratua izan zen arte. Denbora tarte horretan, epaiaren arabera, lan orduetatik kanpo 1.295 ordu eman zituen euskara ikasten, baina soilik 1. hizkuntz eskakizuna aurkeztu zuen, betetzen zuen lanpostuak 3. hizkuntza eskakizuna aurreikusita zuen arren.
Epailearen arabera, kaleratzea “zigor bat” izan zen, eta Udalak ez zuen “batere sentsibilitaterik” agertu euskara ikasteko “ahalegin horrekiko”.
Argudio horietan oinarrituta, epaileak langilea berriro lanpostuan hartzeko agindu du, edo beste antzeko batean. Ez du aintzat hartu, ordea, langilearen beste eskaera bat, funtzionario titular gisa har dezaten.
Udalak epaileari esan zion kontratua sinatzeko garaian langileak bazekiela lanpostu hori galtzeko aukera egongo zela, lanpostuari zegokion hizkuntza eskakizuna bete ezean.
Gaiaz galdetuta, Laudioko Udalak ez du aferaren inguruko baloraziorik egin nahi izan, administrazioarekiko auzia zabalduta dagoelako. ALEAk kontsultatutako iturriek ziurtatu dute Udalak errekurtsoa jarri diola epaiari.
Epaia osorik
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!