“Enpresari eta bankarien ofentsibaren aurka proposamen propio bat eraiki behar dugu, politikari profesionalen fartsatik kanpo”
Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioak deitu ditu urtarrilaren 28an Bilbon eta Iruñean, “Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!” lelopean. Gasteizko auzoetan aurkeztu dute manifestazioa azken asteetan eta gaur, urtarrilaren 26an, jaialdia antolatu dute Alde Zaharrean. Julen Ziarrusta (2003, Gasteiz) GKSko kidea, ekimen horiek prestatzen aritu da.
Azken asteetan urtarrilaren 28ko manifestazioaren deialdia zabaltzeko aurkezpen jaialdi ugari egin ditu GKSk Gasteizen.
Ariznabarra, Judimendi, Gazalbide auzoetan eta Alde Zaharrean egin ditugu jaialdiak, manifestazioa aurkezteko. Jende asko mobilizatzea helburu duzunean, garrantzitsua da mezua auzoetara eramatea eta jendeari espaziora hurbiltzea erraztea. Auzoetarako, auzoetako gazteentzako, baliagarria eta erakargarria izango zen zerbait egin nahi genuen, gure jardun politikoa haien beharretara moldatuz. Sozializatzeko espazio ere izan dira jaialdiak, militantzia normalizatzeko eta manifestazioaren propaganda egiteko.
Ostegun honetan ere, urtarrilak 26, jaialdia duzue Alde Zaharrean manifestazioaren harira.
Manifestaziorako deialdia eta mezua kalean mantendu nahi dugu. Aurkezpenik ez dugu egingo, aurrez egin ditugulako, baina informazioa emango dugu eta Bilbora joateko tiketak ere salduko ditugu. Giro polit bat ere sortu nahi dugu Gasteizen egin dugun zabalpen lanari itxiera emateko, eta edonor dago gerturatzera gonbidatua. 19:00etatik aurrera Elizondo tabernan rocksteady pintxada egongo da eta, ondoren, 21:00etan reggae pintxada Hala Bedi Tabernan.
Zer testuingurutan eta zer arrazoirekin deitu du GKSk urtarrilaren 28ko manifestazioa?
Hori ulertzeko leloari erreparatzea da gakoa. Krisi kapitalista oso nabarmena den momentu bat bizitzen ari gara, nahiz eta ez den termino horietan hitz egiten. Krisi belikoaz hitz egiten da, krisi sanitarioaz, horrek ekarritako krisi ekonomikoaz, neutralak balira bezala, gaixotasun bat bezala etorriko balira bezala. Alta, krisia kapitalismoak beharrezkoa duen elementua da, forma egokitu behar duelako baldintza berrietara. Eta hori burgesiak egikaritzen du, dauzkan indarra eta baliabideak erabiliz klase dominantea izaten jarraitzeko. Horrek langileriaren miseria sakontzea dakar. Beraz, erasoaldi bati buruz hitz egin behar dugu, ez krisi bati buruz.
Nor da erasoaldi horren erantzule?
Enpresa handiek, bankuek, hartzen dituzten erabakiak politikari profesionalek lurreratzen dituzte. Irabazia ateratzen dute horrekin: norbaitek finantzatu behar dizkie egoitzak, kanpainak… Agintarien fartsaren adibide argigarria da Gobernuarena: aurrerakoitzat dute haien burua eta aurrekontu militarrak igo berri dituzte, kode penala gogortu okupazioaren eta lapurreta txikien aurka.
Parlamentarismoan ez dago egoera aldatzeko borondate errealik. Langile klasearen aldarrikapenak erreformismora eramaten dituzte, edo ildo kontserbadore batera. Politika profesionala ez da benetan demokratikoa, burgesiaren eskuin adarra edo ezker adarra da, kasurik onenean. Miseria admistratzen dute.
Langileriaren bizi-baldintzetan islatzen dira erasoaldiaren ondorioak. Bizitzaren garestitzeaz hitz egin duzue, gazte langileen egoeraz.
Beste muturrean gaude gu, gazte langileok: ikasketekin desmotibatuta, lanean baldintza txarretan, ezinegona eta ezintasuna sentitzen, etorkizunarekiko inpotentziaz, desmobilizatuta. Noski, gizarte osoaren proletarizazio prozesuarekin dator hori. Pandemia ondorengo krisi ekonomikoaren testuinguruan inflazioaren gorakada ikaragarria izan da, bizitza garestitu da sinesgaitza den neurri batean. Adibidez, alokairuan bizi diren pertsonen %11k soldataren %40a baino gehiago dedikatzen dio alokairua ordaintzeari. Hori pobreziaren muga da nazioarteko erakundeen arabera.
Zein da GKSren proposamena? Zergatik mobilizatu urtarrilaren 28an?
Enpresari eta bankarien ofentsibaren aurka proposamen propio bat eraiki behar dugu, politikari profesionalen fartsatik kanpo. Norbaitek gure interesetara egokitutako proiektu politiko bat egingo badu, gu geu izango gara, gure terminoetan. Manifestazio batek ez du mundua egun batetik bestera aldatuko, baina mobilizatzea garrantzitsua da aldarriak kalera ateratzeko, proposamen politiko bat aurrera eramateko borondatea dagoela argi uzteko. Gazte langileok borrokatu beharra dugu.
*Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik aterako da 18:00etan. Gasteizetik joateko autobusak antolatu dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!