Enpresa batzordeari jakinarazi baino lehen iragarri da Tubacexeko aurreakordioa
Gaur goizean, hainbat hedabidek zabaldu dute enpresa batzordeak bidalitako azken proposamena onartu duela Tubacexeko zuzendaritzak eta, beraz, aurreakordioa dagoela. Langile batzordeari jakinarazi aurretik iragarri dute, oraingoan ere.
Gaur goizean, Euskal Irrati Telebistak eta El Correok Tubacexen aurreakordioa dagoelako albistea zabaldu dute, zuzendaritzak enpresa batzordeak bidalitako azken proposamena onartu duela eta.
Aiaraldea Gaur hedabideari sindikatuen ordezkariek jakinarazi diotenez, Tubacexeko zuzendaritzak berriro jakinarazi dizkie ustez hartutako erabakiak medioei langileei baino lehen.Izan ere, komunikabideek aurreakordioa iragarri eta gero jaso du Eusko Jaurlaritzaren deia enpresa batzordeak. Dei horretan Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jakinarazi die zuzendaritza akordioa eragotzi zuen testu zatia aldatzeko prest dagoela; kaleratzeak ahalbidetzen zituen zatia, hain zuzen.
Gauzak horrela, langile batzordeak Eusko Jaurlaritzari zuzendaritzarekin batera bildu daitezela eskatu dio, Aiaraldearen arabera. Horrela, iragarritakoa hala bada, gatazkan dauden aldeen artean adostuko dute testu berria, ondoren sindikatuen batzarretan langileek onartu edo baztertuko dutena. Langileen batzordeak zuhurtzia eskatu du komunikabideek zabaldutakoa hala dela ziurtatu arte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!