Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Ertzain bati eraso egitea egotzita atxilotutako gazteei elkartasuna adierazteko
Errepresioaren aurkako Aske antolakundeak deitu du kontzentrazioa eta dozenaka lagun bertaratu dira.
Aske antolakundeak deituta mobilizazioa egin dute Gasteizko Alde Zaharrean, lanean ari ez zen Ertzain bati eraso egitea egotzita igandean atxilotu zituzten hiru gazteei elkartasuna adierazteko eta errepresioa salatzeko. Jardun koordinadoraren parte da Aske, errepresioaren aurkako antolakundea.
Hedabide eta politikariek gazteen atxiloketaren inguruko gertakariak “desitxuratu eta magnifikatu” egin dituztela salatu dute mobilizazioan. Izan ere, “pertsona baten probokazioen ondorioz” taberna giroan emandako ika-mika bat ertzain baten aurkako eraso bezala “era faltsuan” aurkeztu dutela salatu dute, “etekin politikoa ateratzeko”.
Aske antolakundeak zabaldutako ohar batean jakinarazi dutenez, atxilotuetako bat kolpatu egin zuten poliziek autora zeramatela. Gainera, atxiloketa aldian argiak piztuta izatera behartu zituzten gazteak eta ziegako atea kolpatzen zieten lorik hartu ez zezaten. Espainiako himnoa entzutera ere behartu zituzten.
Mobilizazioan “elkartasun eta babes osoa” adierazi diete atxilotutako 3 pertsonei, “gertakariak manipulatzen” ari diren politikarien jarrera salatu dute, eta polizia indarkeria ekidite aldera hura salatzeko beharra azaldu dute.
Atxilotutako 3 gazteak oraindik epailearen aurretik igarotzearen zain daude, euren aurkako kargu irmorik aurkeztu gabe aske geratu direlarik. “Era honetan, espainiar gobernua eta bere morroia den gobernu autonomikoa izaera zipaioko indar polizialen zilegiztatze eta normalizaziorako kanpaina burutzen ari dira. Ildo horretatik, antolakunde antierrepresitibotik Euskal Herri Langileak jazarpenari aurre egiteko duen bide bakarra antolakuntza da”, adierazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!