Albinako urtegiko lindano hondakinak zituen bidoia abandonatuta dago, Ekologistak Martxanek salatu duenez
Bidoia dagoen eremua azaleko uren babeserako gisa sailkatuta dagoela gogorarazi dute. Erakundeen arreta eskasa eta koordinaziorik eza salatu dute hondakin toxiko arriskutsuen susmoen aurrean azkar eta egoki jarduteko.
Joan den astean salatu zuen Ekologistak Martxan taldeak Albinako urtegian lindanoa dirudien bidoi bat agertu zela eta instituzio publikoek ez zutela erantzunik eman. Gaur, urriak 20, Ekologistak Martxan taldeko kideek hondatutako metalezko upelaren edukiaren laginak hartu dituzte, HCH-lindano pestizida izan daitekeen substantzia baten hondakin solidotuekin. Bidoia Aramaion dago, Albinako urtegiko ur-laminatik 40 metro pasatxora eta urak urtegira isurtzen dituen erreka batetik 20 metrora.
Salatu dutenez, upela abandonatuta dago, azaleko uren babeserako kalifikatutako eremu batean. Jarduera honekin ikusarazi nahi izan dute, halaber, erakundeen arreta eskasa eta oso toxikoak eta
arriskutsuak diren hondakinen susmoen aurrean azkar esku hartzeko protokolorik eza.
Ardura Eusko Jaurlaritzak hartu beharko lukeela azaldu dute eta gogorarazi dute 2019ko martxoaren 28an aho batez onartu zutela parlamentu talde guztiek LPNa (legez besteko proposamena), lindanoa konpontzeko plan bat garatzeko. Hala ere, ez da aurrerapausorik eman bide horretatik eta parlamentuko talde guztiei luzatu nahi izan diete “konpromisoak” hartu eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko deia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!