Ekitaldiak eta aldarrikapenak, martxoaren 3ko sarraskitik 41 urte beteko direnean
Ostiralean, Martxoaren 3an, 41 urte beteko dira Espainiako Poliziak Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Perea Gasteizko Zarama auzoan erahil zituenetik. Aurten ere, mobilizazio ugari egongo dira; ostiralean ez ezik, astean zehar ere ekimen ugari antolatu dituzte.
Ostiralean ez ezik, astean zehar ere ekimen ezberdinak egongo dira Gasteizen. Gasteizko Ikasle Mugimenduak, astelehenean hasi eta ostiralean amaituko den “Aste Gorria” antolatu du. Besteak beste, sarraskiaren 41. urteurrenean, ekitaldia egingo dute 11:00etan Gasteizko Kanpusean.
Errekaleorren ere omenaldia eskainiko diete Martxoren 3ko borrokalariei. Ostegunean egingo dute ekitaldia, arratsaldeko 20:00etan auzoko zineman. 1976an erahil zuten Barroso auzokidea izango dute gogoan, besteak beste. Luntx bat ere egongo da auzo askeko bizilagunen partetik.
Epaitegiek Martxoaren 3ko krimenak preskribatuta zeudela erabaki ostean, Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformako kideek elkarretaratzea deitu dute: martxoaren 2an, ostegunean, izango da. Eragile, sindikatu eta alderdiek bertan parte hartzeko deia egin dute. 12:00etan izango da, Gasteizko epaitegien aurrean.
Martxoaren 3ko ekitaldi nagusiak arratsaldean izango dira. Gazte Blokea Santa maria kanotitik abiatuko da arratsaldeko 18:00etan, Martxoaren 3ko plazan amaitzeko. Euskal Herriko gehiengo sindikalak, beste behin ere, ekitaldia antolatu du 18:30tan Martxoaren 3ko plazan; ostean, 19:00etan, Andra maria Zuriaren plazan amaituko den mobilizazioa hasiko da plazatik bertatik.
Jarraipena Hala Bediren eskutik
Hala Bedik ere egun ezberdinen jarraipena egingo du, sare sozialak baliatuz horretarako. Traola nagusia #M3moria izango bada ere, #OroimenetikGaraipenera traola ere sare sozialetan mugitzen hasi da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!