Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”
Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan, preso politikoen aldarria erdigunean jarri bai da". Aurten lehen aldia da All In Da Haus Oñatin eta Hendaian egiten dela. Pozez, harrotasunez eta ilusio handiz kontatu digu Ekaitz Samaniegok nolakoak izan ziren saio hauek.
Osatu da urtarrilaren 25eko finaleko seikotea: Gezu, Sosi, Paula, Yoller, Kazz eta Jaio. Freestylerrak kantuan izango dira Gasteizko Gaztetxean urtarrilaren 25ean. Bederatzigarren saio honetan berritasunak badaude ere, “preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzea” da erdigunean mantentzen dena.
Seikoteaz gain, gai emaile Elur Maluta eta Rizzo izango dira “festari bizia” ematen. Oraingoz, Nerepe eta Ines egongo dira aldiz epaimahian. Epaileek helburu dute “publikoari gustatzen zaion pike sanoa” sortzea.
“Lehiakortasunik gabeko giroa” aldarrikatzen dute All In De Hausen. “Lehia oso jatorra” sortzen da saio hauetan, freestyle eta raparekin lotu ohi diren “oilar bataila” giroetatik urrun. Samaniegoren hitzetan, “In Da Hausen inor ez doa irabazi ezin daitekeen zerbait irabaztera.” Freestyle saioan zehar, DJ Kanaky izango da gaztetxea girotzen.
Apustu polit batekin datoz oraingo finalera. “Rap Showcase Arabarra” antolatu dute aurten. Araban raparen munduan ibiltzen diren gazteek parte hartuko dute bertan: Nerepe, Urtzi, Txuti, Kemena, KRD Krudo, Amy… “Motibazio handiarekin antolatu eta egin” dituzten haien euskarazko testuak aurkeztuko dituzte txandaka showcasean.
18:30etan irekiko dizkio ateak Gasteizko Gaztetxeak All In Da Hauseko bederatzigarren edizio honi. 19:00tan hasiko da freestlye saioa sei sailkatuekin. 21:30 “Showcase arabarrak” hartuko du eszenatokia. Bukatzeko, 22:30ean freestyle finala izango da.
Elkarrizketa osoa hemen entzungai:
-
Hizpidea: Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): "Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira"00:16:46
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!