Eihar Egaña (BiziLagunEkin elkartea): “Gaur egun Donostian turismo masiboa bultzatzen da.”
"Desazkunde turistikoa bultzatzea eskatzen dugu."
Pasa den Ekainaren 18an “Donostia berreskuratu! Hiri-eredua aldatu!” lelopean manifestazioa egin zen Gipuzkoako hiriburuan 46 auzo elkarte eta antolakundek antolatuta. Donostiar gero eta gehiagoren sentipena argia da: hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote, administratzaile eta ekimen pribatuaren zerbitzu-emaile bihurtuta. Interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen dira donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi-baldintzetan:
- Etxebizitza larrialdia: erosketa eta alokairu prezioek gora egiten dute, eta ez zaie mugarik jartzen funts putreei edo merkatu turistikoei etxebizitzarekin espekulatzeko. Etxe-kaleratzeek jarraitzen dute eta belaunaldi gazteak eta ahalbide gutxiko bizilagunak Donostiatik kanporatuta izaten ari dira.
- Hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea: gain-esplotazio turistikoak langileen baldintzen okertzea ekarri du. Hiriaren egitura ekonomikoa desorekatu da, lan-baldintza ezegonkor eta kaskarrak ugarituz. Epe-motzeko etekinek soilik gidatuta, jasangarria ez den eredu baten alde egin da apustu.
- Kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa: hiri-espazioaren kudeaketan interes komertzialei ematen zaie lehentasuna, zaintza, jolas eta kontsumora bideratzen ez diren harreman sozial jardueren kaltetan. Horrek zenbait auzotan bizitzea eta bizimodu duina garatzea eragozten du, kontsumorako eta aisialdirako gune soil bihurtzeko arriskuan direlarik. Halaber, Mozal Legearen eta Zibismoaren Ordenantzaren aplikazioaren ondorioz, protesta soziala zigortzen da.
- Hiriaren elitizazioa: egungo hiri-ereduak desberdinkeria sozialak areagotu eta aberastasuna esku gutxitan pilatzea dakar, kaltetuen gertatzen diren jendeen bazterketaren ondorio guztiekin. Fokuak aberastasunean eta luxuan jartzen diren bitartean, kale egoeran bizi diren donostiarrak edo bizitza duinaren mugan daudenak ezkutatu eta isilarazi egiten dira.
- Hirigintza politika erasokorrak azeleratu egin dira: horren lekuko ditugu Donostiako erdialdean metroaren zentzugabekeriazko eraikuntza, auzo guztietan egitasmo urbanistiko polemikoen ugaritzea, hotel eta alojamendu turistikoak mugagabe hedatzea, merkatal-gune handi gehiago zabaltzea, eta udalerrian gero eta urriagoak diren ingurune naturalen nahiz baserri-lurren txikizioa dakarten Belartza Goiako makro-poligonoaren eta Antondegiko “olatu artifizialen” proiektuak, besteak beste, edozein garapen iraunkorren kontra.
- Ondare arkitektonikoaren suntsiketa: Astero eraikin historikoren bat suntsitzen edo husten da, higiezinen eta turismoaren presioa gero eta handiagoa delako. Nazioarteko Alerta bat duen hiri bakarra da Donostia, Arte Ederren Jauregiaren eraispena salatzeko. Babes Plan Bereziaren gabeziak direla eta, hiri-irudiaren eta nortasun kolektiboaren gaineko inpaktu atzeraezina eragiten ari da.
Herritarren antolaketaren eta mugimenduen jazarpena: Mozal Legearen eta Zibismoaren Ordenantzaren aplikazioaren ondorioz, gero eta murritzagoak dira oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoak Donostian. Jendarte mugimenduak zigortzen dira protesta soziala zapuzteko asmoz. Donostia Mozal Hiria bihurtu dute.
Hori denagatik, hiria merkatu-interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela ulertuta lehen urrats gisa, pasa den Ekainaren 18n manifestaldia egin zuten Gipuzkoako hiriburuan zehar.
Ekimen honen inguruan hitz egiteko, Eihar Egaña BiziLagunEkin elkarteko kidea izan dugu Hizpidean.
Hemen entzungai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!