Ehunka pertsona mobilizatu ziren atzo Gasteizen Palestinarekin elkartasuna adierazteko
Atzo, martxoaren 20an, ehunka pertsona bildu ziren Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Israelen estatu sionistak Palestinako herriaren aurka egindako genozidioa salatzeko.
Mobilizazioa Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako azken erasoa salatzeko deitu zen, zeinak gutxienez 400 hildako eta 500 zauritu utzi dituen. Bertaratuek eraso militarraren amaiera eskatu eta Palestinako erresistentziari babesa adierazi zioten.
“Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera!” lelopean, manifestariek pankartak eta Palestinako banderak zeramatzaten, eta herri palestinarraren askapenaren aldeko oihuak entzun ziren. Ekitaldian zehar, hainbat esku-hartze egin ziren nazioarteko komunitatearen konplizitatea salatzeko eta Palestinarekiko elkartasun aktiboa indartzeko deia egiteko.
Gasteizko manifestazioa Euskal Herriko beste hainbat hirietako mobilizazioen parte izan zen, hala nola Bilbo, Donostia, Iruñea eta Altsasun ere elkarretaratzeak egin baitziren Israelen erasoa gaitzesteko.
Deitzaileek kaleetan presioa mantentzearen garrantzia azpimarratu zuten eta Palestinaren kausarekiko konpromisoa berretsi zuten. “Sionismoaren basakeriaren aurrean, elkartasuna da gure armarik onena”, nabarmendu zuten mobilizazioaren amaieran irakurritako agirian.
Datozen egunetan Palestinari babesa emateko ekintzek jarraituko dutela aurreikusten da, hainbat herritan mobilizazio gehiago deituta daudelarik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!