EAJri lotutako ustelkeria sakontasunez aztertzeko borondaterik ez du ikusi ADI-k De Miguel auzian
De Miguel auziko ebazpenaren zain, mesfidati agertu da ADI Ustelkeriaren Aurkako Elkartea. “Muntaia sinesgaitzat” jo izan den epaiketaren aurrean gaudela dio, “gezurra bolo-bolo zabaltzeko aukera” eta “lekukoaren aurkako jazarpenak” tarteko. “Azkeneko 40 urteotan erakunde publikoak bere probetxurako erabili dituen alderdi politikoaren kudeaketa eredua behar bezalako sakontasunez aztertzeko borondaterik ez dugu inondik inora ikusi” epaiketan.
40 urteotako eredua zein izan den argi du Adi! Ustelkeriaren Aurkako Elkarteak: sare klientelarrak erabilita, alor pribatuan aritzen diren eta alderdiaren gertuko diren enpresen onura bilatzea, etekin hori geroago modu batean edo bestean itzuli dadin. “Ez da inondik inora kasu isolatu bat, eta baieztapen honen erakusgarri dira modus operandi berdina antzeman den bestelako kasu andana, den-denak EAJrekin zerikusia zuten pertsonekin lotuak: Marguello kasua, Osakidetzako iruzurra, Karrantzako purinak, Hiriko eta Epsilon, Cabieces auzia…”.
“Nekez pentsa daiteke gertatzen ari zena ez zutenik ezagutzen”
Adiri kezkagarria iruditu zaio EAJk “jarduera hauei” emandako babesa, “izatez 26 akusatuk EAJrekin harremana baitute eta batzuk kargu publikoak dira. Nekez pentsa daiteke alderdiaren egiturek gertatzen ari zena ez zutenik ezagutzen, eta oraindik argitzeke dago sare hauetatik ustez jasotako balizko onurak zeintzuk izan diren”.
Hala ere, Adik fiskaltza eta epailea animatu ditu auzia bukaeraraino eramatera, “behingoagatik jardun korrupto hauek eragotzi eta dagokion zigorra izan dezaten. Inpunitatearen babespean ematen diren ohiko jarduera hauek behingoz zigortzea espero dugu”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!