EAEko eskola jantokiak ere, grebara
Hiru greba egun deitu dituzte sindikatuek EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan. Datorren asteazkenean, urriaren 21ean, dute lehenengo greba eguna bertako langileek.
Urriaren 10ean iragarri zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jangeletako langileek grebara joko zutela. Datorren asteazkenetik hasita hiru greba egun deitu dituzte sindikatuek: urriaren 21ean, 27an eta 29an.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “jangeletako langileekin duen jarrera” salatu dute. Aurreko ikasturtearen amaieratik Hezkuntza Sailarekin eta Patronalarekin eseri nahian ari dira sindikatuak: “kalitatezko jangelak antolatzeko eta sektoreko langileen enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko, bai eta langile eta erabiltzaileentzako osasun-bermeak ziurtatzeko ere”. Gobernuak eta enpresek, ordea, entzungor egin diote batzartzeko eskaerari eta langileek komunikabideen eta Hezkuntza Sailaren web orriaren bidez izan dute protokoloen berri.
Aurreko ikasturteetako ratioak mantentzen direla azaldu dute langileek eta “espazioei eta egungo premiei jaramonik egiten ez zaiela”. Gainera enpleguari eta lan-baldintzei eusten ari ez zaiola adierazi dute: “Langile asko ez dira beren lanpostuetara deitu”.
Jangeletan bizi den egoerak, gainera, mesfidantza sortzen ari da familiengan eta sindikatuek esanetan familia askok ez dute zerbitzua eskatu beharra izan arren.
“Merezi duten errespetua” eskatu diete langileek Eusko Jaurlaritzari eta jangeletako zerbitzua kudeatzen duten enpresei: “Neurri negoziatu eta inposaketa gabeekin, beharrezko segurtasuna eta enpleguari eta lan-baldintzei eustea bermatzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!