Donemiliagako osoko bilkura ere Arabako Lautadan Forestalia enpresak egin nahi duen goi-tentsioko linearen aurka azaldu da
Udalaren ustez, Forestalia enpresak ez du Aragoiko erkidego autonomoan sortzen den energia eoliko eta fotovoltaikoa garraiatzeko baimenik.
Donemiliagako Udalak, aparteko osoko bilkura batean, uko egin dio Forestalia Renovables enpresa pribatuak Arabako Lautada zeharkatuz egin nahi duen goi-tentsioko linearen proiektuari.
Azaldu dutenez, “titulartasun pribatuko eta sustatzailearen erabilera esklusiboko proiektu honek atea irekitzen du energiaren garraioa pribatizatzeko“, orain arte Espainiako Sare Elektrikoarena izan baita eskumena. Gainera, proiektu hori ez dago jasota Estatuaren plangintzan. Garraio linea denez (eta ez ebakuaziokoa), enpresa baimenik gabe ari da, ez baitu jarduera horretarako eskumenik.
Bestalde, eskualdean inpaktu larriak dituen azpiegitura dela argudiatu dute eta “ez diela erantzuten planetak klima-aldaketaren aurka dituen erronka globalei”. Izan ere, kontsumo-zentroetatik urrun dagoen energia ekoiziko luke, garraioan energia asko galduz eta ingurumenean, gizartean eta paisaian inpaktu larriak eraginez.
Agurain eta Iruraiz-Gaunako udalak ere Arabako Lautada zeharkatuko duen goi-tentsioko linearen aurka agertu dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!