Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzaren alde, ikasleok irailaren 15ean grebara!
Datorren irailaren 15etko hezkuntza grebaren inguruan Ikasle Abertzaleak antolakundeko kide den Urko Garmendiak idatzitako iritzi testua.
Azken asteetan komunikabide burgesetan etengabe atera den gaia izan da ikasturte akademikoaren hasiera. Gai honen inguruko goi-mailako erabakiak (estatuko zuzendaritza organoetan hartu direnak) egunez egun aldatuz joan dira, EAEko eta Nafarroako Hezkuntza Departamenduek zein orokorrean estatu mailan agintean dagoen gobernu “aurrerakoietik”, hezkuntza komunitateko parte garen guztioi maniobratzeko zailtasun eta traba ugari jarriz. Ezjakintasun egoera batean mantendu gaituzte guztioi, eta horrek ikasle langileon egunerokotasunean oztopo handiak eragin ditu aurtengo zein hurrengo urteetako ikasketa zikloaren plangintzan (pisua hartzeko azken ordurarte zalantzak izatea klaseen nolakotasuna ez delako zehazten, lanarekin koordinatzeko aukerak murriztea, klase telematikoetara konektatzeko ezintasun materialaren ondorioz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezin bukatzea…).
Gobernu instituzioek, normalitate berriaren aitzakipean, eta kapitalaren logika produktibo zein erreproduktiboari jarraiki, argi dute etorkizuneko lan-indarraren heziketa prozesua ezin dela eten, eta haien interbentzio politikoa mantentzeko berdin zaie 30 ikasle gela batean sei edo zazpi orduz mantentzea. Erabaki politiko hauek justifikatzeko, eta hein batean, haien burua garbitzeko, osasun egoeraren errua gazte soziologiari bota izan diote uda honetan zehar. Kurtso hasieran, aurreikusi ahal dugu ikastetxeetan CoVid- kasu masiboak agertzen hasten direnean, errua haien gainetik kentzeko asmoarekin, ikasleak klasetik kanpo elkarrekin egoteagatik edo orokorrean, ikasleen ekintza indibidualei botako dizkietela. Honekin, instituzio hauek planteatutako klase presentzialetarako itzulera penagarria salbatzeko esfera mediatikoan duten indarraz baliatuko dira, burgesiak espazio hauen gainean duen kontrol politikoari esker.
Ikasle langileok, ikasketa prozesuaren gaineko kontrol ezaren ondorioz, zailtasun ugari ditugu gure ikasketak aurrera eramateko (nahi genituen ikasketak ezin burutzea beharrezkoa genuen notara ez ginelako heltzen edo zuzenean, baliabide ekonomiko urrien ondorioz ikasketa horiek ezin burutzea). Hezkuntza sistema honetan langile klaseko ikasleriak, eta orokorrean hezkuntza komunitateko langile klase osoak ez duenez inolako gaitasunik hezkuntza sistemaren erabaki organoetan eragiteko, pandemiaren agerpenetik ezagutu genituen hezkuntzaren kudeaketa penagarri horiek eragindako ondorioak sektore zapalduetan areagotzea ekarri du (konexio arazoak izanda klase telematikoetara ez aurkezteagatik ikasgaiak suspenditzea, etxerako lanen handitze sistematikoa…). Ulertuta bulegoetan erabakiak hartzen dituztenen eta ikastetxeetan haiek ezarritako planetatik irensten ditugun edukiak jasotzen ditugunon interesak antagonikoak direla, elementu hauen klase izaera azpimarratzea ezinbestekoa zaigu. Benetan gure interesetara egongo den heziketa prozesu pedagogiko bat eraikitzeko, ezin gara haien borondate onaren esperoan geldirik geratu.
Sufrimendu handia eragiten digun egoera honi aurre egiteko, Ikasle Abertzaleak antolakundeak irailaren 15ean grebarako deia egiten dio EAEko ikasleriari, “Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!” lemapean eta Arabako ikasleen kasuan, egun berdinean goizeko 11:00etan Elurretatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera. Argi geratu da estatuko instituzioek (Eusko Jaurlaritzak zein Espainiar Gobernuak) ez dutela gure interesen aldeko hautua inoiz egingo eta beti, estatuak esentzian duen kapitalismoaren defentsa irmoa egingo duela. Jakinda zer puntutan aurkitzen garen, IA-k hiru exijentzia egiten ditu hezkuntza komunitateko langileriaren beharrizan politiko eta materialak berma daitezen: 1- Ikasle langileok hezkuntzara sarbidea izan dezagun bermatzea (egun existitzen den klase arrakala nabariarekin bukatzea) 2- Ikasketa telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleon ikasketa prozesua ez oztopatzea (ikasleria langileak bere heziketa prozesua “normaltasunez” aurrera ermateko gaurdanik baliabideak izatea) eta 3- Lan politikoa egiteko eskubidea bermatzea (biltzeko zein mobilizatzeko trabarik ez jartzea).
Jakinda greba egun batean egiten den lan politikoa ez dela nahikoa langileon mesedetara egongo den hezkuntza-prozesua eraikitzeko, greba egunean antolatuko diren ekintza eta mobilizazio ezberdinetan parte hartze aktibo bat izateaz gain, Ikasle Mugimendutik indartzen ari diren langile klaseko ikasle zein beste sektoreen defentsan jarduten duten forma organizatiboen bitartez borrokara batzea ezinbestekoa zaigu. Zapalduon babesa soilik zapalduon antolakuntza eraginkorraren bitartez eman ahal delako.
Irailaren 15ean grebara!
Urko Garmendia
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!