‘Desjabetuon Eskola’ aurkeztu du Birjabetze Kolektiboak
Otsailaren 28an, martxoaren 28an eta apirilaren 11n ‘Birjabetze Ostegunak’ ospatuko ditu Birjabetze Kolektiboak. “Iraultzarako baldintzak gaurdanik sortzearen hautuaz, zer eta nola irauli behar dugun kontziente izan behar garelakoan gaude”, azaldu dute.
Abenduan aurkeztutako Birjabetze Kolektibotik beste tresna bat eraiki dute, ‘Desjabetuon Eskola’. Antolatzaileen esanetan, “desjabetuok oneoro garatu behar dugun” tresna bat izateko asmoa du honek.
Solasaldi, mahainguru, mintegi kolektibo eta beste hainbeste moduren bitartez, Birjabetze Kolektiboaren teoria eta praktikaren arteko lotura estua arakatu nahi dute, euren botere propioa sortzeko.
Horretarako, otsailaren 28an, martxoaren 28an eta apirilaren 11n ‘Birjabetze Ostegunak’ ospatuko dituzte. Saio guztiak Gasteizko Gaztetxean izango dira eta itzulpegintza zerbitzua ere egongo da -eskatzeko: birjabetzekolektiboa@gmail.com-. “Okupazioari buruzko proposamen estrategiko ezberdinei buruzko formakuntza eta ondorioak lantzeko aukera izango duguna”, ondorioztatu dute.
Ohar batean azaldu dutenez, “ez ditugu akademikoak behar gure lerroetan, badakigulako gaur akademiak nori erantzuten dion. Badugu klase bezala gure analisiak egiteko gaitasuna, eguneroko arazoak ulertuz, osotasunaren perspektiban, dena iraultzen hasteko”.
“Teoria iraultzaileaz birjabetzea oinarrizko pausua da”
Argitu dutenez, “iraultzarako baldintzak gaurdanik sortzearen hautuaz, zer eta nola irauli behar dugun kontziente izan behar garelakoan gaude“. Zentzu honetan, beharrezko pausuak hausnartzeko eta emateko unea dela uste dute.
“Langilea itsutzeko askotariko formak garatu izan ditu hamarkadetan zehar burgesiak. Horren adierazle dira komunikabide burgesak, eskolak, pentsamentu kontra-iraultzaileak eta abar luze bat”. Hala ere, errealitatea modu gordinenean ikustera iritsi direla azaldu dute: “Honen aurrean, gure teoria iraultzaileaz birjabetzea oinarrizko pausua da“.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!