‘Dena Oskol’, berritasunak eta motibazioa uztartzen dituen urtebeteko lanaren emaitza
Izaki Gardenak talde gasteiztarrak ‘Dena Oskol’ lana aurkeztu du, “ordura arteko diskoetan egindakoa errepikatu gabe”. Urtarrilaren 12an kontzertua eskainiko dute Jimmy Jazz aretoan eta azken lan hau Erraia Diskoak Durangoko azokan izango duen postuan egongo da salgai.
Izaki Gardenak talde gasteiztarra Dena Oskol disko berria argitaratu du. Sevillako La Mina estudioan grabatu zuten azken lana ekaineko azken astean eta Erraia Diskoak zigilupean argitaratuko duten lehenengo diska da. Hala ere, azken lan honekin, lau dira Gasteizko boskotearen lanak: Itsasargiak EP-a eta Amaieratik hasi, Aurri garaeta Dena Oskoldiskak.
Guztira, zortzi abesti ditu azken diskak: Haiek gu, Dena oskol, Burdin jantzia, Ekaitzen arrazoien bila, Etorkizuna, Zutzean, Azalak ezin hartu eta Irten. Taldearen egituran, berriz, aldaketarik ez. Jon Basagurenen esku geratu dira ahotsa eta gitarra; Libe García de Cortazarrek teklatuak eta ahotsa; Danilo Forondak gitarra; Fede Egiluzek baxua; eta Dani Arrizabalagak bateria.
“Istorioaren hasiera baino ez da”
Hala Bedi Tabernan egindako agerraldian, Basagurenek berak aipatu du ez zuela “ordura arteko diskoetan egindakoa errepikatu nahi”. Berritasunak eta motibazioa protagonistak izanik, disko berri baten zurrunbiloan murgildu ziren: “Amets txiki batzuk bete nahi genituen, hortik etorri zen Sevillako La Mina estudioan Raul Perezekin grabatzeko erabakia”.
Urte hasieran hasi ziren abestiak lantzen, “ordu ugari, baina zaborretara botatako ideia askorekin: momentu on eta txarrak”. Diskoaren izena ere ez zen egun batetik besterako erabakia izan: “Harresiak, burdin jantziak, azalak, kristalezko sabaiak… agertzen zihoazen eta Dena Oskol-ekin topo egin nuenean argi izan nuen horrek behar zuela izan lanaren izenburua”, adierazi du Basagurenek.
Baina azken lan hau ez da soilik Iberiar Penintsulan geratu. Behin La Mina estudioan nahasketak eginda, Berlineko Jammin estudiora bidali zuten diskoa Cem Oralek masteriza zezan.
Momentuz, soilik bi modutan eskuratu ahal izango da azkenengo lana: online edo Durangoko Azokan. Azken honetan, nobedade bat egongo da aurtengo edizioan, izan ere, Erraia zigiluak bere postutxoa izango du bertan, Montauk, Izaki Gardenak eta Joseba B.Lenoirren azken lanekin.
Etorkizunerako proiektu berririk? Baliteke. “Hau istorioaren hasiera baino ez da, eta asimilatzen ari gara hemendik aurrerakoa, hein handi batean, ez dagoela gure kontrolpean”. Gasteizen egingo duten lehenengo kontzertua, berriz, urtarrilaren 12an izango da Jimmy Jazz aretoan.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!