‘De Miguel’ auzia: kopiatzeko lezioak Euskal Herritik
Cristina Cifuentes Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidentearen curriculumak bereganatu du medioen atentzioa, nola Espainiako Estatuan hala Hego Euskal Herrian. Baina ez dugu iberiar mesetara joan behar administrazio publikoa zipriztintzen duten sinadura faltsuak eta azken orduan “fabrikatutako” dokumentuak aurkitzeko. Hemen bertan, Ebroren alde honetan, egunotan ikusi dugu hori De Miguel auziaren epaiketan.
Argia.eus bidez
Fokua Madrilgo PPko buruzagiaren aferan jarrita dugun bitartean, Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienaren saioak aurrera doaz Arabako Justizia Jauregian. Joan den astean, Alfredo De Miguelek sorturiko enpresa-sareari (Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga) Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailetik 2006-2009 artean nahierara adjudikatutako kontratuak aztertu dituzte.
Orduan Gazteriako zuzendari zen eta egun auzipetuta dagoen Xabier Sánchez Roblesen defentsak hainbat dokumentu aurkeztu ditu 210.000 euroko ordainketa horiek justifikatuta zeudela frogatzeko Eusko Jaurlaritzaren zigiluarekin. Baina Eusko Jaurlaritzak berak ezeztatu egin du halako dokumentaziorik erregistraturik duenik, eta fiskalak berak, zigiluen grafia konparatuz demostratu du faltsuak direla, Iker Rioja kazetariak Eldiarionorte.es egunkarian argitaratu duenaren arabera. Hau da, dokumentuak asmatutakoak izan daitezkeela.
De Miguel auziaren epaiketa 2018ko urtarrilaren 8an hasi zen eta 26 lagun daude auzipetuta, horietako gehienak Arabako EAJri estuki lotuak eta erakunde nahiz sozietate publikoetan kargu garrantzitsuak izandakoak; Alfredo De Miguel bera Araba Buru Batzarreko idazkari izan zen eta aldundiko Lurralde Administrazioko arduradun, ustezko iruzurra diseinatu zutenean.
Auzian giltzarri izan da Ainhoa Alberdi enpresari eta abokatuaren lekukotasuna. Berak azaleratu zuen iruzurra, 100.000 euro ordaintzeko “xantaia” salatu zuenean. Martxoaren 5ean epaiketan deklaratu zuenean Adi! Arabako Ustelkeriaren Kontrako Elkartearen babesa izan zuen: “Lekukoak jasan dituen mendeku, presio eta deskalifikazio pertsonalak ez dira nolanahikoak izan”, azaldu zuten.
Izan ere, deigarria da aparatu jeltzalearen jarrera: inplikatutako bere kideei afiliatu agiria entregatzeko eskatzera mugatu den bitartean –abokatuak eta enplegua falta ez zaizkielarik– lekukoak edo fiskalaren lana zalantzan jarri ditu “ondorio politikoak kopiatzen” dituela esanez, Joseba Egibarren hitzetan. Kopiatzen lezioak emateko baleude sikiera…
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!