Dazaharrazharrogun! lelopean, bueltan da Zaharraz Harro
Ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean ospatuko dira aurten Gasteizko Alde Zaharreko jai autogestionatuak. Alde Zaharrean saretzen diren norbanako eta kolektiboen aldarrikapen eta ospakizun astea izango da, beraz, ekainaren azkena. Bi urteren ostean, ohiko formatora ekarri dituzte antolatzaileek jaiak berriro ere, eta ehun ekintza baino gehiagok betetako egitaraua aurkeztu dute.
Dazaharrazharrogun, enkaskotate! lelopean antolatu dute aurtengo Zaharraz Harro auzoko bizilagun, eragile, denda, taberna eta askotariko taldeek elkarlanean. Kulturak, kirolak, arteak eta musikak protagonismoa dute egitarauan; eta haur, gazte zein helduentzako jarduerak egingo dituzte. Aldarrikapenak ere ez dira faltako Alde Zaharreko jai autogestionatuetan.
Izan ere, auzo harrotasuna, partaidetza eta autogestioa dira Zaharraz Harro jaien etiketa, antolakuntza lanetan ari den Imanol Aranbururen hitzetan. Asanblada azpiegitura gestioez eta programaren zabalkundeaz arduratzen da, baina edonork du egitaraurako ekintzak antolatzeko askatasuna.
Astelehenean egingo da, urtero tradizioz egin ohi denez, jaiei hasiera emateko txupina. Aurten, auzoko adinduek hartuko dute hitza, azken bi urteetan pairatutako egoera dela eta. Ez da hori, ordea, urtez urte errepikatzen den ekintza bakarra. Korto txapelketa ere egingo da horien artean, astezkenean Santa Maria plazan. Aukera zabalik dago parte hartu nahi duenarentzako, helbide honetara bidaliz aurkeztuko duen larburmetraia: zh.kortolehiaketa@gmail.com. “Zin egin, sorgin / te lo juro, conjuro” da kortoak inspiratzeko proposatu duten gaia.
Hilak 30 dituenean, ostegunean, txapelketa autogestionatuen finalak eta jaialdia ospatuko dira auzolana pilotalekuan, kanporaketekin maiatzean hasi ostean.
Larunbat goizean, 10:30etan, egingo da aldarrikapen jolasa edo “ginkana”. Bestalde, Pinto kalean egingo da aurten Herri bazkaria. Norberak bere mahaiak, jana eta platerak eramateko deia luzatu dute, auzokideekin partekatzeko. Hala ere, sukaldeko lanean taldetxo bat egongo da, eta apuntatzeko aukera ere zabaldu dute lagundu nahi duenarentzako. Izena emateko harrozaharraz@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.
Jaiei agur esateko destxupina igandean izango da, 19:00etan.
Zaharraz Harron kartzelak hustu, auzoak bete!
Esandakoez gain, baina, ehun jarduera inguru daude Zaharraz Harroko programan, aldarrikapen eta jai giroz betetzeko Alde Zaharreko jaiak. Horien artean azpimarratzekoa da Hala Bedi irratiko Kafe Expreso irratsaioko kideek antolatutako programazioa, Kartzelak hustu, auzoak bete! lelopean, ekainaren 29 eta 30ean eta uztailaren 1ean. Hitzaldia, zuzeneko emisioa, kalejira eta jai giroko ekimenak antolatu dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!