Datu kezkagarriak jaso ditu LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko txostenak
Soilik azken urtean 13 kasu jasotzen ditu Lumagorri HAT-k landutako txostenak; Gasteizko Udaltzaingoak, berriz, ez du salaketarik jaso.
Sexu-eta genero-dibertsitatearen aurka Gasteizen izandako erasoen eta gorrotodelituei buruzko II. txostena. Horrela deitzen da Lumagorri HAT taldeak bigarren urtez jarraian aurkeztu duen lana.
78 orrialde dituen txostena –hemen irakurgai– aurreko urtean aurkeztutakoaren jarraipena da, 2018ko maiatza-2019 apirila tarteak kasuak biltzen dituena. Titular nagusietako bat hurrengoa da: guztira 13 kasu jasotzen ditu bigarren txosten honek, iazkoan 15 bildu zirenean. Hala ere, Lumagorriko kideek argi dute: 2018an, aurreko urtean leku eta baldintza berberetan gertatu ziren hainbat eraso ezin izan dira egiaztatu eta, horrenbestez, ezin izan dira zenbatu.
Eraso gehienak homosexualen eta transexualen aurkako zuzeneko diskriminaziokoak izan dira. Bestalde, 2017ko txostenean ez bezala, txosten honetan jasotako erasoak sakabanatuagoak egon dira: oso leku ezberdinetan izan dira (Gasteiz hiribidean, Zabalgunean edo Alde Zaharrean).
Horretaz gain, homosexualen aurkako pintadak, abesti homofoboak espazio publikoan edo aldizkari batean agertutako azal anofobikoak eta pasibofobiokoak ere biltzen ditu txostenak. Eliza katolikoa ere hizpide izan dute, bertako ordezkariek homosexualitatea sendatzeko terapien inguruan egindako adierazpenak salatuz.
Genero berekoen arteko biolentziari dagokionez, 2017ko txostenean bezala, aurten ere bi kasu ageri dira. “Errealitate berri hori dela-eta, ezinbestekoa da eztabaida sakona egitea eta lege bidez antolatzea gaia, gaur egun legedian jasota ez dagoen diskriminazio-mota hori errotik kentzeko”.
Kasuei dagokionez, emakume transexual baten kontrako bortxaketa gogor gaitzetsi dute bortxatu izana: “Biolentzia matxista da hori […]: matxismo misoginoa eta transfobia”.
Baliabide eskasak
Lumagorrik erasoak antzematerako orduan kristalezko sabai bat dagoela uste du, elkarteak dituen baliabide eskasen ondorioz: borondatezko lana eta logistika mugatua. Hau da, kontziente dira informean agertu diren baino eraso gehiago daudela eta horretarako datu bat nabarmendu dute: kasuen % 90a ez da salatzen eta kasu guztiak antzemateko mugak daude.
Gasteizko Udaltzaingoaren iturrien arabera, ordea, ez da salaketa bat ere tramitatu sexu-orientazioagatik edo identitateagatik. Ertzaintzan, berriz, salaketa bat jaso dute. Datu horiek, Lumagorriren arabera, errealitate sozialaren eta errealitatearen judizialaren artean alde handia dagoela egiaztatzen dute.
Lumagorrik jasotako kasu asko ez daude tipifikatuta Zigor Kodean gorroto-delitu gisa, eta, horrenbestez, legeak ez du jaso diskriminazioa bere osotasunean. Bigarrenez, biktima askok ez dute salaketarik jartzen.
Behatokia, beharrezkoa
Ikusgaitasunari eta gorroto-diskurtsoari dagokionez, ondorio argia atera dute informean: eremu publikoan ikusgaitasuna handitu ahala, gero eta eraso gehiago egongo dira. “Askatasunerako espazio gehiago konkistatu ahala, LGTBIfobia soziala nozitzeko arriskua ere handitu egiten da, Madrilen eta Bartzelonan, esaterako, egiaztatu izan denez”.
Zentzu honetan, txostenaren amaieran LGTBIfobiarekin amaitzeko hainbat gomendio jarri dituzte mahaiaren gainean. Sexu- eta genero dibertsitatearen aurkako gorroto-delituen Gasteizko Behatokia martxan jartzea beharrezkoa ikusten dute, eta hari behar dituen baliabideak hornitzea. “Baliabide horren sorrera berri atsegina da, Lumagorrik eremu honetan duen esperientzia aintzat hartuta”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!