Datorren asteko ostegunean hasiko dira Judimendiko jaiak
Judimendiko Jaiek ekintza ugari eskainiko dituzte ekainaren 20tik 23ra, datorren ostegunetik igandera. Aurten San Juan gaua igandean izango da.
Badatoz aurtengo Judimendiko Jaiak eta, urtero bezala, Jai Batzordeak auzoko komunitatearekin batera egitarau oparoa antolatu du. “Pertsona nagusi, heldu, haur zein gazteentzat” zuzendutako ekintza anitzak prestatu dituzte.
Beti bezala, Txosnagunea Sefarad plazan egongo da eta, jakina, egitaraua kontzertuz josita dator. Ostegunean, jaiei hasiera emateko, auzoko taldeak (Incense, Duelo, Lehia), Kimuk Afro Sesion eta Xerula entzuteko aukera egongo da. Ostiralean, berriz, Leihotikan, Ziztada & Rlantz eta DJ Malandro izango dira.
Ekainaren 22an, larunbatean, gazte eguna ospatuko da, Sumendi, Ernai eta Judimendiko Gazte Asanbladaren eskutik. Hainbat ekintza egongo dira egunaren baitan: poteoa, gazte bazkaria, bingo musikatua, zunba herrikoia, ekitaldia… Kontzertuei dagokionez, Ziraun, Zilibito Records, Gora Etorri eta DJ Pomeranian-ek girotuko dute iluntzea.
Gainera, ekainaren 23an, San Juan gaua dela eta, Jai Batzordeak jarduera bereziak antolatu ditu. Besteak beste, eguerdian apar jaia, Urgain Igeriketa taldearen eskutik, edota Auzoko arrozak ekimenean parte hartzeko aukera egongo da. Azken hau Batuta Sareak antolatu du eta helburu nagusia auzokideek elkar ezagutzea izanik, komunitateari dei egin dio “taldeka arrozak kozinatu eta guztion artean dastatzeko”. Jaiei itxiera emateko, arratsaldean, Palestinarekin elkartasunean mural bat egingo dute Judimendiko Parkean eta gauean Akerbeltz erromeria izango da Sefarad Plazan.
Nobedade gisa aurten auzoko jaietako pertsonaia sortzeko lehenengo pausuak eman dira eta horretarako auzoko eskolen ikasleek marrazkiak egin dituzte. Jaietan zehar, Judimendiko Gizarte Etxean irabazleen marrazkiak ikusgai izateaz gain, bertan pertsonaia gustukoena bozkatzeko aukera dago.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!