Enpresa batzordean gehiengoak babestuko du Tubacexeko akordioa, plantilla osoaren bozketarik gabe
Afiliatuek alde bozkatu zuten arren, CCOOk "babes zabala" nahi zuen akordioa sinatzeko eta plantilla osoak bozkatzearen alde agertu zen. Gaurko bileran, ostiralean lortutako gehiengoarekin akordioa sinatzearen alde egin dute enpresa batzordeko ordezkariek, bozketa orokorrik egin gabe.
Ostegunean, irailak 30, bildu ziren Tubacexeko gatazkaren parte diren hiru aldeak: Tubacexeko Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Enpresa Batzordea, langileen 232. greba egunean. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak behin betikotzat jo duen proposamen bat helarazi eta enpresa batzordearen gehiengoak hasierako akordio bat sinatu zuen.
Ostiralean sindikatuek afiliatuen asanbladak egin zituzten akordioaren inguruko erabakia berresteko. ELAko afiliatuek alde bozkatu zuten. LAB, STAT eta ATAL sindikatuetakoek, aldiz, aurka. ELAko 4 ordezkari daude enpresa batzordean, STATeko beste 4, eta LAB eta ATALeko bana. CCOOeko 3 kide daude. Azken horretako afiliatuek akordioaren alde eman zuten botoa. Hala ere, sindikatuak “akordio zabala” erdieste aldera, plantilla osoak bozkatu dezala proposatu zuen. Batzordeak, gaurko bileran, ostiralean lortutako gehiengoarekin akordioa sinatzearen alde egin du.
Enpresa batzordeak ohar baten bidez jakinarazi du “komitearen gehiengoak Eusko Jaurlaritzak proposatutako akordioa onartzen duela, sindikatuen afiliatuen asanbladak berretsi ondoren”. Oraingoz, bilera egin eta akordioa sinatzeko zain daude eta grebak indarrean jarraitzen du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!