Cantoblanco parke eolikoa bertan behera uzteko exijitu dute inguruko batzar administratiboek
Proiektuak herriei, bertako biztanleei, florari eta faunari gogor eragiten diola nabarmendu dute Artatza, Axkoeta eta Ormijanako batzar administratiboek. through Alea.eus
“Enegarrenez” bildu dira Artatza, Axkoeta eta Ormijanako batzar administratiboak Cantoblanco mendian eraiki asmo duten zortzi aerosorgailuen parke eolikoa arbuiatzeko. Duela hamar urteko proiektu zaharra biziberritu du orain Euskal Haizie S.L. enpresak, eta Añanako, Erriberagoitiko, Iruña Okako eta Gasteizko 8,5 hektareako lur eremua okupatuz eraiki nahi du 49,6 MWeko parke eolikoa, 115 metroko altuera izango duten zortzi aerosorgailurekin.
Batzarrek azaldu dutenez, bere garaian, Arabako Diputazioaren Ingurumen Jasangarritasun Zerbitzuak eta Natura Ondarearen Zerbitzuak Cantoblancoko proiektuak ekarriko zituen ondorioak “latzak” izango zirela ohartarazi zuten. Era berean, azpimarratu dute ingurumen inpaktuari buruz enpresak egindako azterlanak “inkongruentziaz” eta “manipulazioz” beteta daudela, eta enpresak agindu dituen azterlanetan “ez dituzte aipatzen zentral hori Subillako akuiferoan –Euskadiko lurpeko ur erreserba nagusian– izango duen eragina”.
“Ekimen despota”
“Inposizio politiko eta ekonomiko bidegabea” salatu dute zentral eolikoaren proiektuak kaltetutako herrien batzarrek, eta landa eremuan bizi direnen kontrako “ekimen despota” arbuiatu dute. Halaber, landa eremuan bizi diren herritarrak eta herrietako erakundeak errespetatzeko exijitu dute. “Behingoz, gure erakundeen milaka urteko tradizioa errespetatzeko eskatzen dugu; eta landa eremutik kanpoko pertsonak eta erakundeak bezain serio har gaitzatela exijitzen dugu”.
Artatza, Axkoeta eta Ormijanako batzar administratiboek inguruko herrietako batzarrei eta, oro har, herritarrei dei egin diete “eskubideak, lurrak eta haien zaintza” defendatzeko, eta norabide horretan urratsak egiteko, “gure erakunde tradizionalen erabakiaren gainetik ezarri nahi diren proiektuak gauzatu ez daitezen eta etorkizun bideraezin batera kondena ez gaitzaten”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!