Calvoren heriotzaren lekukoa: “Gauzak argitu gabe geratu ziren”
Calvo Ertzaintzaren Arkauteko komisarian hil zuten gauean beste atxilotu bat zegoen kalabozoetako ziegetan: M.U.M, kontrabando delitua egotzita preso zuten gizonezkoa. Calvo hil eta bost ordura egin zuen deklarazioan ertzainen bertsioa berretsi zuen oro har, eta hurrengo egunean utzi zuten libre. Urte eta erdi beranduago, ordea, epaiketan, bere abokatuak adierazi zuen M.U-k Calvo ikusi zuela “txerritxo baten gisan lotuta” eta ertzainek “errukirik gabe kolpatu zutela borrekin”. Gertaeretatik 30 urtera ARGIA lekukoarekin harremanetan jarri da. Ez du azaldu nahi izan gau hartan ikusi zuena, baina adierazi du “gauzak argitu gabe” geratu zirela. through Argia.eus | Zigor Olabarria Oleaga
Abuztuaren 20ko 5:00ak inguruan hil zen Juan Calvo Ertzaintzaren komisarian, eta M.Uk 10:30etan deklaratu zuen Ertzaintzaren aurrean. Oro har, ertzainek eta Segurtasun Sailak Calvoren heriotzaz eman zuten bertsioa berretsi zuen M.U-k bere lekukotzarekin: goizeko 4:30ak aldera ertzainei eraso egin ziela Calvok, bere heriotzarekin amaituko zen borrokari hasiera emanda.
Kontrabandistaren eta ertzainen arteko hitzordua
Calvo hil eta egun batzuetara Ertzaintzako agente batek diligentzia bat zuzendu zion Calvoren heriotzaz arduratzen zen instrukzio epaileari, “Raul Martin Segarra abokatuarekin izandako gorabeheraren berri emateko”. ARGIAk dokumentua eskuratu du.
Diligentziak 02044 eta 02039 ertzainen bertsioa jasotzen du soilik. Horren arabera, Calvo hil eta hiru egunera M.U-k Arkautera deitu zuen, eta aipatu bi agenteekin hitzordua egin zuen Gasteizko Sarria jatetxean. Jatetxera heltzean, ertzainek “harrituta” ikusi zuten lekukoarekin batera Raúl Martin Segarra abokatua zegoela, beren hitzetan “tabako kontrabandisten abokatua”. Abokatuak argitu zien bere presentziaren motiboa: bere defendatuak kontatu zizkion “hainbat gauza hobe direnak publiko ez egitea”, eta ertzainak lagundu nahi zituztenez, jakin nahi zuen ea “eskutik joan” zitezkeen. Ertzainek erantzun zioten beren nahia zela “dena argitzea egiarekin”, eta hortaz ez zutela inorekin eskutik joan beharrik.
Abokatuak Zeukan informazioaren pista bakarra eman zien ertzainei: “M.U.-k kontatu dezake, adibidez, Calvo liskarra hasi aurretik zegoela lotuta”. Ertzainek hori gezurra zela erantzun zioten. Ordea, Calvoren gorpuak eskumuturretan zituen markak ertzainen kontakizuna zalantzan jartzen duen elementu nagusienetakoa dira Ertzainak eta Segurtasun Saila: gezurrak, hutsuneak eta kontraesanak artikuluan aztertu dugun moduan.
“Ertzainek errukirik gabe kolpatu zuten borrekin” (lekukoaren abokatua)
“Txerritxo baten gisan lotuta”
Urte eta erdi beranduago, epaiketan, M.U-k berretsi egin zuen aurreko deklarazioa, ertzainen kontakizunarekin bat zetorrena. Deklaratu zuten ere lekukoaren abokatu Martin Segarrak, eta jatetxean beraiekin bildu ziren bi ertzainek. Kontrajarriak izan ziren, baina, kontrabandistaren eta bi ertzain horiek egindako deklarazioak bien arteko hitzorduari buruz. Honela jaso zituen xehetasunak Egineko kazetari Iñaki Iriondok epaiketaren kronikan: M.U-ren abokatuaren arabera, ertzainek proposatu zuten zita, eta beren asmoa zen M.U-k deklaratu beharrekoaz “akordio” bat egitea; ertzainen arabera, ordea, M.U-rena izan zen gonbidapena, eta helburu zuen kontrabandorako “fabore-tratua” lortzea, ertzainen kaltean deklarazio “faltsua” ez egitearen truk.
Ezustekorik handiena abokatuaren deklarazioaren beste pasarte batek eman zuen. Adierazi zuen bere garaian M.U-k kontatu ziola, hitzez hitz, bere ziegako leihatilatxotik ikusi zuela Calvo “txerritxo baten gisan lotuta zutela, eta ertzainek errukirik gabe kolpatu zutela borrekin”. Hori deklaratu ahal izateko M.U-k sekretu profesionala urratzeko baimena eman zion aurretik abokatuari. Iriondok bere kronikan jaso zuenez, M.U-k ez zuen sorpresarik adierazi bertsio berria entzutean, eta biak elkarrekin eta giro onean irten ziren epaitegitik.
Gauzak argitu gabe
Egin zuten traturik? Zer tratu mota, egitekotan? Abokatuak epaiketan bertsioa aldatzea balizko tratuarekin arazoren bat egon izanaren seinale izan daiteke? Eta, batez ere, kalabozoetan lekukoak ikusi zuenaz eman zituzten bi bertsioetatik, zein da egiazkoa? Ezin dugu jakin, baina abokatuak emanikoak hobeto azalduko luke Calvoren gorpuaren egoera.
Martin Segarra abokatua hilda dago, baina M.U ez, eta lehen esan bezala, berarekin bildu da ARGIA. Ertzainez gain gertatu zenaren lekuko zuzen bakarra denak ez die galderei erantzun nahi izan, ezta gau hartan ikusitakoa kontatu ere. Solasaldi luze baten ostean, ARGIARI baimendu dio argitaratzen, batetik, epaiketan Martin Segarra abokatuak eginiko deklarazioa (“Txerritxo baten gisan…”) bien artean adostu zutela. Eta, bestetik, honako esaldia: “Gauzak argitu gabe geratu ziren”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!