Biluzik eta burua estalita agertu dira hogeita hamar gazte, tortutaren aitortza exijitzeko
Hogeita hamar pertsona biluzik eta poltsa beltzez burua estalita agertu dira gaur goizean Gasteizen, Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Poliziaren komisariaren ordezkariordetzaren ondoan, Euskal Herrian emandako milaka tortura kasuren aitortza eskatzeko. Sortuk antolatutako ekintza sinbolikoa izan da, torturaren "errealitate iluna argitara atera" eta aitorpena, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzeko.
Otsailaren 13a, Torturaren Aurkako Eguna, gertu dugun honetan, hogeita hamar gazte aktibista etzan dira Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Espainiako Poliziaren Gasteizko polizia-etxearen aurrean. Biluzik ziren, bridaz eskuak lotuta eta burua poltsa beltzekin estalita. Oihuen grabazioak entzuten ziren atzetik.
Ekintza horrekin Sortuko kideek salatu dute erakunde publikoek “ahaztu egiten dutela” milaka herritarrek pairatutako oinazea. Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduradunak, Haimar Altunak, ardurak eskatu ditu egia osoa argitara ateratzeko. “5.667 euskal herritarrek igaro behar izan dute torturaren atzapar krudeletik. Hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin ez eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman”, adierazi du.
Sortuko kidearen esanetan, “oraindik orain, tortura zuritzen jarraitzen dute; inpunitatea eskaintzen zaie torturaren arduradun politikoei eta torturatu zuten poliziei, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari”. Ezinbestekotzat dute torturaren arduradunen aitortza: eragin zutenena, poliziena zein arduradun politikoena, “izan politikari edo mediku, izan abokatu edo epaile, izan fiskal edo kazetari”.
Ezker abertzalea biktima guztien aitortzara bidean urratsak egiten ari dela gogorarazi dute, “elkarbizitza eta askatasun” agertoki berri baten bidean. Torturaren eragileek gauza bera egin beharko luketela uste dute Sortuko kideek, “aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak” ziurtatuz horretarako.
Tortura Euskal Herrian, zauri irekia
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!