Gasteiztik #GaztEraiki: «Gazte boterea fronte guztietan eraiki behar da»
Abenduaren 9, 10 eta 11n Euskal Herriko gazte mugimenduen topaketak egingo dira Barañainen, “Geure gainetik izarrak bakarrik” lelopean. Egun horietan, ehunka gazte elkartu eta euren bizitzaren arlo bakoitzean bizi duten sistema zapaltzaileari alternatibak eskainiko dizkiote: gazteok gazteontzako eraikitako proiektuak, autogestioan eta auzolanean oinarrituak. Elikadura burujabetzatik komunikaziora, eta aisialditik etxebizitzara, sorkuntza, euskara, feminismoa edota hezkuntza… euren bizitzen eta etorkizunaren jabe izateko.
Arloka banatutako hemezortzi proiektu dira amets horien isla zuzena. Batzuk aipatzearren, euskararen aldeko borroka indartzeko euskalduntze gida, gazteon lan baldintzak salatzeko bulego prekarioak edota komunikabide nagusiei aurre egiteko gazte telebista saioa. Proiektu horietako asko topaketetan aurkeztu eta martxan jarriko dira, beste batzuei forma emango diete topaketetan, eta seguru beste hainbat Barañaingo kaleetan bertan marraztu eta euren bide propioa egingo dutela topaketetatik aurrera.
Abenduaren 9tik 11rakoa ez baita prozesu baten bukaera izango, bide luze baten bihurgune baizik. Topaketetara hurbiltzeko, sarrera eskuratu eta webguean izena ematea beharrezkoa izango da. Azaroaren 30a izango da sarrera erosi eta izena emateko azken eguna. Euskal Herriko hainbat tabernetan daude salgai.
Gasteiztik ere deia luzatu diote gazte orori topaketetan parte hartu eta auzolanean Euskal Herrian gazte boterea eraikitzeko: feminismotik, jai eredutik, sorkuntzatik, etxebizitza eskubidearen aldeko edo prekarietatearen kontrako borrokatik, komunikaziotik…
INFO+ gazteokeraikitzen.topatu.eus
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!