Auzoaren aniztasuna bor-borka ‘Errota Anitza’ umeen lasterketan
Urriaren 21ean, hirugarren aldiz antolatu zuten ‘Errota Anitza’ umeen herri lasterketa Gasteizko Errota auzoan, auzokideen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin. Lasterketa hau, urtean zehar auzoko komunitate kultural ezberdinak biltzen dituzten ekimenetako bat baino ez da, eta oraingoan, ehundaka umek korrika egin dute.
‘Errota Anitza’-ko kide diren Pili Mendoza eta Unai Bergantzurekin izan da Hala Bideo, kultur aniztasunaren aldeko ekimen hau hurbiletik ezagutzeko. Elkarbizitzaren sinbolo bihurtu den ekimen honen oinarria eta etorkizuna umeak dira, eta lasterketan parte hartu zuten Mara, Maddi, Noa eta Sararekin ere izan gara. Izan ere, bost kategoria daude lasterketa honetan, bi urteko haurretatik hasita, 12 urteko gaztetxoetaraino.
Lasterketaren ostean, nola ez, ekimen, joko eta tailer ezberdinak antolatu ziren Santo Domingo Plazan, diskofesta eta Sustrai Doinuak taldearen emanaldiarekin batera. Azkenik, sari banaketa eta hamaiketakoa: bertan, munduko gastronomia ezberdinak dastatu ahal izan zuten partehartzaile guztiek.
Errotako komertzio txikien eta taberna ezberdinen laguntza izateaz gain, auzoko eskola publikoen babesa lortu du ekimen honek urteen poderioz: Landazuri, Santa María, Odón Apraiz, Ramón Bajo, Divino Maestro, Luis Elejalde, Abendaño eta Samaniego. Horretaz gain, Pilik eta Unaik nabarmentzen duten bezala, Kimuak, Goian edota auzoko gazte mugimenduaren ekarpena ere ezinbestekoa izan da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!