Desobedientzia dinamika abiatu dute Mozal Legearen bigarren urteurrenaren atarian
Uztailaren 1ean bi urte beteko dira Hiritar Segurtasunerako Legea edo ‘Mozal Legea’ indarrean sartu zenetik. Egun horretan, manifestazioa deitu du Eleak Mugimenduak Gasteizen, ‘Mozal Legeari ez. Herriak desobedientzia!’ lelopean eta herri mugimendu ezberdinekin elkarlanean. Gainera, desobedientzia dinamika abiatu dute guzti honen harira, mobilizazioaren aurreko asteetan zehar ekimen gehiago iragarriz.
Dinamika honen lehenengo geltokia ekainaren 14ko goizean izan zen Eusko Legebiltzarrean. Bertan, ekintzaile talde batek mobilizaziora deitzeko pankarta bat kokatu zuen Legebiltzarreko hesian. Horrekin batera, Mozal Legearen artikulu ezberdinekin egindako paperezko hegazkinak bota zituzten barrura, instituzio honen ardura salatzeko. Izan ere, 2015 eta 2016 urteetan zehar, «Mozal Legea 8.087 aldiz aplikatu dute EAEn», ekintzaileek azaldu dutenez. Horretaz gain, 2016ko ekainaren 22an, legebiltzarraren ordezkaritza politikoaren gehiengoak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen arren, ordutik 2016. urte amaiera arte «2.857 aldiz» aplikatu zutela ohartarazi dute.
Uztailaren 1eko bezperetan, desobedientzia dinamikarekin jarraituz, Gasteizko Alde Zaharreko Kutxi kaleko lokal huts baten fatxadan mural bat egin dute, larunbatean 18.30ean Gasteizko Bilbo plazatik irtengo den manifestaziora deitzeko.
BIDEOAK
Mozal Legearen aurkako ekintza Eusko Legebiltzarrean:
Mozal Legearen kontrako manifestaziora deitzeko murala Alde Zaharrean:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!