‘Badon’ opera garaikidea abenduaren 1ean estreinatuko dute Gasteizen
Abenduaren 1ean Gasteizen izango du estreinaldi nagusia opera postdramatikoak. Korrikak bultzatuta sortu diren ekimen kulturaletako bat da, kolektiboan sortua.
Asterik aste, egunik egun eta pausurik pausu, badirudi 23. korrika gero eta gehiago hurbiltzen ari zaigula. Korrika dendek ere zabaldu dituzte ateak dagoeneko, baita Gasteizen ere, Aldabe kaleko 7 zenbakian. Ekimen erraldoi horrek ekarriko duen festa, burrunba eta kultur eztandaren erakusle eta mugarri garrantzitsu izango da Badon, antolatzaileen ustez. Mauriziak ez du inor hil kooperatibak proposatutako antzezlana da; korrikaren lehenengo bekaren irabazleek, hain zuzen ere.
Abenduaren 1ean Gasteizko Printzipal antzokian estreinatuko da Badon opera postdramatikoa. “Euskal kulturaz, kanonez eta eta beste hainbat auziz hausnartzeko” balio duen lan artistikoa da, egileen arabera. Ines Osinagak, sortzaileetako batek, bi fase bereizi ditu sorkuntza prozesuan: lehenengo fasean, ikertu egin dute euskal kulturaren erreferenteen, kanonen eta plaza publikoan hartzen duten lekuaren inguruan; bigarrenean, aldiz, forma eman diote proiektuari. Horren guztiaren emaitza izango dugu gurean hurrengo ostiralean Gasteizko Printzipal Antzokian.
Sarrerak eskuratzeko
Korrika laguntzaileentzako zortzi eurokoa da sarreraren prezioa (korrika laguntzaile izan nahi baduzu, izena eman) eta 10 eurokoa publiko orokorrarentzako.
Sarrerak, dagoeneko, Gasteizko Printzipal antzokiko web orrian daude salgai (honako esteka honetan), eta egunean bertan ere leihatilan egongo dira eskuragarri.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!