Babestu Maite Duzun Mendia dinamikaren bosgarren martxa egin dute, Cantoblancon
Irailaren 25ean, larunbatean, Arabako Mendiak Askek laugarren martxa egin du, proiektu eolikoen eraginpeko ondare naturala ezagutarazteko. Oraingoan, Cantoblancon izan dira ehun mendizale inguru, Añana Gesaltzatik.
Añana Gesaltzatik Cantoblancora igo dira larunbatean ehun lagun inguru, “ondare naturala defendatu eta zentral eoliko handi bat jartzeko proiektuaren aurka protesta egiteko”. Martxa hori bosgarrena izan da Babestu Maite Duzun Mendia dinamikaren baitan.
Kasu honetan, EUSKAL HAIZIE enpresa pribatuak zentral eoliko bat jartzeko aurreikuspena du Cantoblanco mendian. Ez da mendi hori mehatxupean dagoen lehen aldia, ordea: izan ere, “2010ean, beste proiektu batek kokaleku hori bera mehatxatu zuen”, Arabako Mendiak Askek azaldu duenez.
Mendi buelta egin ostean, Gesaltza Añanara jaitsi eta herriko plazan testu bat irakurri dute, zentral eolikoak ekarriko dituen kalteak azaltzeko. “Planteatutako megaproiektu industrialak izan ditzakeen ondorioetan eta koadrilaren etorkizunean izan dezakeen eraginean” sakondu nahi izan du Arabako Mendiak Askek eta, besteak beste, “inguruko herrientzako inpaktu akustikoa, paisaia eta turismo inpaktua, eta diapiroan izan ditzakeen eraginak” azaldu dituzte. Izan ere, diotenez, Gatz Harana ezin da existitu diapirorik gabe.
Horretaz gain, tokiko biodibertsitatearen gaineko ingurumen-inpaktua ere izan behar da kontuan, bereziki hegaztiei eragingo diena. Amaitzeko, energia-eredua aldatzeko beharra berretsi zen.
Azken martxa, Arlabanen
Ekimenari itxiera emateko, “industrializazioaren mehatxupean dauden naturguneetatik igarotzen ari den makila” (hau da, martxaz martxa eskuz esku igaro dena) Arlaban/Jarindoko ordezkariei eman zieten. Izan ere, bertan egingo da Babestu Maite Duzun Mendia dinamikako seigarren eta azken martxa, urriaren 16an.
Babestu Maite Duzun Mendia
Udan honetan, Iturrietako Mendietan, Arkamun eta Labrazan eta Azazetan izan da Babestu maite duzun mendia dinamika. Oraingoan Cantoblancon izan da Araban eraikitzekoak diren proiektu eolikoen aurkako protesta. Azken ibilbidea urriaren 16an izango da Arlabanen. Horrela amaituko da sei ibilbideko dinamika, urriaren 23rako deitua den manifestazioari begira.
Sei proiektu eoliko daude egun martxan Arabako mendietan, fase batean edo bestean. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatua eta hainbat enpresa pribatudira arduradunak. Babestu Maite Duzun Mendia dinamika horietako leku bakoitzean izan da, mehatxupean dagoen ondare naturala ezagutarazi eta egoera salatzeko asmoz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!