Azken lan istripu hilgarria salatzeko elkarretaratzea egin du gehiengo sindikalak Gasteizen
Astelehenean hil zen 47 urteko langilea, Olarizuko obretan izandako istripuan. 2020an, modu berean hil zen beste langile bat Olarizu auzoan bertan. Urtea hasi zenetik hildako hirugarren langilea da Euskal Herrian.
Gehiengo sindikalak kontzentrazio bateratua egin du gaur, urtarrilak 13, azken lan istripu hilgarria salatzeko. «Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea» lelopean egingo dute elkarretaratzea ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, eta HIRU sindikatuek.
Astelehenean hil zen 47 urteko langilea, Olarizuko obretan izandako istripuan. Eguerdi aldera izan zen ezbeharra: langile bat aldamio batetik erori eta hil egin zen, unean bertan. Azpikontratatutako enpresa bateko langilea zen. 2020an, modu berean hil zen beste langile bat Olarizu auzoan bertan.
Gutxienez 3 langile hil dira aurten Euskal Herrian, eta 62 izan ziren 2021ean. LAB sindikatuak, ohar batean, EAEko administrazioak lan istripuak ekiditeko hartutako neurrien eraginkortasun falta salatu du. Oso ohikoak dira altueretatik erorita gertatutako lan istripuak eraikuntza sektorean; prekarizazioa, azpikontratazioa eta sektore honetako lan-baldintzak dira arazoaren erroa, LABen arabera. Eskatu dute, oroz gain, «erakundeen inplikazioa eta sektore honetarako plan espezifiko bat, neurri egokiekin benetako prebentzio politikekin».
ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta patronalari exijitu die «berehala ezar ditzatela prebentzio-legeriaren ez-betetzeak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko neurriak».
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!