Azken final laurdena jokatuta, definituta geratu da Arabako Bertso Txapelketako hurrengo fasea
Xabi Igoak irabazi zuen Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena. Finalerdiak behin igarota, Iñaki Viñasprek lortu ditu puntu gehien.
Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena joan zen. Arabako bertsolaritzaren bidea irudikatzen duen irudia fondoan, mikroak eta bertsozaleak prest, 18 bertsolariekin jokatuko den txapelketako lehen faseko, final laurdenetako, hirugarren saioa burutu zen. Aramaion jokatu zen aurreko larunbatean.
Jokoan aritutako sei bertsolariak Andere Arriolabengoa Bengoa (Aramaio), Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz), Manuel Bendala Garcia-Donas (Sevilla), Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Unai Anda Delika (Ametzaga) eta Xabi Igoa Eriz (Aramaio) izan ziren.
Lehenengo itzuli honetan 13 bertso puntuagarri kantatu zituzten bertsolariek. Ariketa guztiak egin ondoren, Xabi Igoak lortu zuen puntu gehien, 237,5 puntu. Hiru final laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalerdiak. Puntuazioak ondorengoak izan ziren:
- Xabi Igoa: 237,5 puntu
- Andere Arriolabengoa: 231 puntu
- Peru Abarrategi: 224,5 puntu
- Beñat Garaio: 211,5 puntu
- Unai Anda: 204 puntu
- Manu Bendala: 203 puntu
Finalerdiak definituta
Gauzak horrela, sailkapeneko lehenengo 12ak sailkatu dira finalerdietarako. Aldi berean, Unai Bengoetxea, Jon Ruiz de Pinedo, Irati Anda, Manuel Bendala, Unai Anda eta Felipe Zelaieta txapelketatik kanpo geratu dira.
Hurrengo saioa, lehenengo finalerdia, martxoaren 9an izango da Legution, Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30ean. Bertan egongo dira Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Serapio Lopez eta Xabi Igoa.
Bigarren finalerdia martxoaren 16an izango da. Dulantziko kultur-etxean. Azken finalerdi honetan Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio, Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Paula Amilburu eta Rikardo Gonzalez de Durana egongo dira.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!