Azken erailketa matxista salatzeko mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak
Asteartean hil egin zen aurreko astean Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen emakumea: Yolanda Jaen Gomez zen eta 50 urte zituen. Gizonak aurrekariak zituen, eta emakumearekiko urruntze agindu bat ere bazuen, baina iraungita zegoen. Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Epaitegiak hartu zuen auziaren instrukzioa eta ondorioztatu dutenez, sutea Kale Nagusiko 55. zenbakian gertatu zen, joan den asteko astearte goizaldean. Emakumeak izan zituen zauri larrienak, eta Zaragozako Miguel Servet ospitalera (Espainia) eraman zuten.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, kasu honetan egin ohi duen legez, protokoloa aktibatu du. Hori dela eta, elkarretaratze ezberdinak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan. Gasteizkoa, ostegunean, urriaren 25ean, izango da: 19:30ean Andra Maria Zuriaren plazan.
Aiaraldean ere manifestazioa deitu dute asteazkenean, 19:00etan, Amurrioko plazatik abiatuta.
2018an, zazpi
Iruñekoa Euskal Herrian aurten izandako zazpigarren erailketa matxista da.
- Irailak 24 (Bilbo): Maguette Mbeugou hil zuen haren senarrak.
- Abuztuak 25 (Uharte): Natalia Balyuk hil zuen haren senarrak.
- Ekainak 21 (Asparrena): Sophia Losche alemaniarra bortxaz hilda agertu zen. Kamioilari batek hartu zuen sorterrian, auto-stop egiten ari zela, eta hil egin zuen.
- Maiatzak 2 (Bidarte): Rejane Delattre tiroz hilda agertu zen eta senarra espetxeratu zuten, hilketa egotzita.
- Apirilak 28 (Donibane Garazi): Roxaneren bikotekide ohiak aitortu zuen berak harrapatu zuela istripuz.
- Apirilak 20 (Gasteiz): Florentina eta Maria Jose ama-alabak labankadaz hil zituen bigarrenaren senarrak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!