“Atzo, gaur bezala, borroka garaia!” lelopean egingo dute Martxoaren 3ari begirako Gazte Blokea
Gzte mugimenduak ekimen ezberdinak antolatu ditu sarraskiaren 45.urteurrenean, tartean, Martxoaren 3an bertan blokea. "Langileriak, atzo bezala, gaur ere, antolakuntza oinarri izanik erantzun bat artikulatzeko gaitasuna erakutsi du, kaleak sektore ezberdinen aldarri eta borroken testigu izanik".
45 urte betetzen dira aurten Gasteizen bost langile erail zituztenetik. 1976ko greba eta langile borroken eta eraildako langileen oroimenean garrantzi berezia hartzen du egunak gasteiztarren artean. Urteroko manifestazio eta omenaldien testuinguruan, eta orduko langile borrokaren lekukoa hartuz, Gasteizko gazte mugimenduak, beste urte batez, ekimen propioz osatutako dinamika abiatu du Gazte Blokearen baitan.
Egungo egoera aintzat hartu dute gazteek. Adierazi dutenez, “urte gogorra izan dugu 2020a, Covid-19ak eragindako osasun krisiak agerian utzi baitu sistema kapitalista heteropatriarkalaren ertz guztiak: kaleratzeak, lan heriotzak, pentsio miserableak… Gutxi batzuen etekin ekonomikoak herritarren bizitzen gainetik kokatzeak gazte eta langileon bizitzak kolokan jarri ditu”.
Honen aurrean, “langileriak, atzo bezala, gaur ere, antolakuntza oinarri izanik erantzun bat artikulatzeko gaitasuna erakutsi du, kaleak sektore ezberdinen aldarri eta borroken testigu izanik”. Horregatik, “erantzun kolektiboa” osatzeko beharra azpimarratu dute, “txikitasunetik handitasunera kaleak hartzen jarraitzeko deia” adieraziz.
Hainbat hitzordu finkatu dituzte dagoeneko. Otsailaren 19an, ostiralez, emango diote hasiera Gazte Blokearen egitarauari, Judimendiko auzo elkartean egingo duten Martxoaren 3rako prestakuntza asanbladarekin. Otsailaren 20an, larunbatean, Musikaren isla Martxoaren 3an izeneko solasaldia antolatu dute 12:30ean. Ekimen gehiago egongo direla ere aurreratu dute, eta datozen egunetan emango dute deialdien berri.
Martxoaren 3an bertan, Gazte Blokea egingo dute 17:30ean Hala Bedi Tabernatik.
Manifestazioa eta omenaldia
LAB, ELA, Steilas eta ESK sindikatuek ere deialdi bateratuak zabaldu dituzte, azken urteetan egin bezala. Martxoaren 3ko plazan omenaldia egingo da egunean bertan, 18.00etan, eta ondoren manifestazioa abiatuko da bertatik 18.30ean, “Zaintza, oroimena eta borroka” lemapean.
Berezia izango da, gainera, aurtengo Martxoaren 3a, orduko borrokaren erreferente izan zen Jesus Fernadez Navesen heriotzak markatuko baitu eguna.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!