Ate irekiera arrakastatsuarekin eman zioten amaiera Errekaleortarrek hitzaldi zikloari
Herritar ugari hurbildu ziren azaroaren 26ko goizean Errekaleorrera auzoa barrutik ezagutzeko. Modu honetan, amaiera eman diete azken asteetan Gasteizko gune ezberdinetan antolatu dituzten hitzaldiei.
Goizeko 09:00ak dira eta auzoa jada esnatzen hasi da. Plazako erdigunean kokatu eta jendea joan etorrian ikus daiteke: porlanezko zaku pisutsuak alde batetik, kipulaz beteriko kutxak bestetik. Berregiten eta desegiten diren pertsona taldeak edonon. 11:00ak baino minutu batzuk lehenago lehenengo plaza jendez betetzen hasi da; lehenago mugimendu frenetikoa zena, geldiune bihurtu da orain.
Geroz eta bisitari gehiago daude auzoaren erdigune den topaleku honetan. Errekaleorreko bi auzokideei begiratu eta irribarre zabal bat antzeman daiteke, pozik daude. Euren helburua bete egin dute. Izan ere, hilabete batez Gasteizko auzo ezberdinetako gizarte etxeetan eginiko hitzaldi zikloaren amaiera izan da Errekaleorreko ate irekien jardunaldi hau. Gorka Urtaran alkateak auzo historiko hau eraisteko borondate irmoaren aurrean errekaleortarrek “herriak azken hitza duela” eta “auzoaren etorkizuna baldintzatuko duen erabaki oro hiritargoarekin partekatua izan behar duela” adierazi zuten.
Horren erakusle, Iparralde, Hegoalde edota Aldabeko gizarte etxeetan azken asteetan egon diren Blanca Urgell, Juan Ibarrondo edota Txema Ramirez de la Piscina bezalako gonbidatuak. Solasaldi hauek jendetsuak baino partehartzaileak izan zirela azpimarratu dute antolatzaileek. “Profil ezberdinetako jendea gerturatu eta zintzoki hitz egiteko aukera izan genuen; zalantzak argitzeko, kritikak jasotzeko, animoak eta indarrak transmititzeko…”.
Azaroaren 26ko igande goibelean, ordea, Errekaleor jendez bete da. 90 pertsona inguru gerturatu dira, antolatzaileek adierazi bezala, “Gasteizko ondare kultural eta historikoa” den auzo hau ikustera. Gehienak arabarrak dira, baina badaude bizkaitarrak edota Burgosetik etorritakoak. Gutxi batzuek proiektua ezagutzen zuten, beste batzuek ez, baina guztiek interes berezia dute. Bisita gidatua pentsa baino gehiago luzatu da, bisitariek aktiboki parte hartu eta hainbat galdera egin dituztelako; eztabaidak ere sortu dira parte hartzaileen artean.
Auzokideek espazio guztiak ireki dizkiete eta kide askoren interbentzioen bitartez hainbat proiektu azaldu dituzte: inprenta, azpiegitura lan taldearen zaharberritze lanak, muralak, eguzki plaken instalazioa … Bisita amaitu eta gaztetxera gerturatu dira denak; bertan, hamaiketakoa eta argazki erakusketa zituzten zain. Irribarretsu daude auzokide zein bisitariak. Gutxinaka plaza hustuz joan da eta auzoak bere ohiko itxura berreskuratu du: porlanezko saku pisutsuak alde batetik, kipulaz beteriko kutxak bestetik, berregin eta desegiten diren pertsona taldeak edonon. Baina, atzokoan, gaurkoan, etxe askoren mahaiaren bueltan Errekaleor izango dute mintzagai.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!