Aske geratu da Ekaitz Samaniego, espetxe zigorra osorik bete ostean
Zortzi urteko espetxe zigorra osorik beteta, gaur goizean atera da Zuerako espetxetik Ekaitz Samaniego gaztea.
Aske geratu da Ekaitz Samaniego gazte Gasteiztarra, Segi Gazte Antolakundeko kide izatea leporatuta, zortzi urteko espetxe zigorra osorik bete ostean. Gaur goizaldean atera da Zuerako espetxetik (Zaragoza), dozenaka lagunen berotasuna jaso du espetxe atarian.
Ekaitz Samaniego libre!@halabedi @naiz_info @berria @ArabakoALEA @argia pic.twitter.com/qR5fmth6ud
— ɐᴉɹɹɐɥәɹɹә@ 🤘#ElCrio (@erreharria) January 5, 2020
Zortzi urte eskubide sozial eta politikoen defentsan
Espainiako Auzitegi Gorenak Segiko kide izateagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Samaniegori eta, egoera salatzeko, espetxera ez aurkeztea erabaki zuen, Gasteizko Los Angeles elizan itxialdi bat burutuz. Orduan azaldu zuen bazekiela espetxeratuko zutela baina salaketarekin aurrera jarraituko zuela.
2012ko urtarrilaren 14an, larunbatean, elizatik alde egin ostean, manifestazio jendetsu bat antolatu zen Arabako hiriburuan gaztearen eta eskubide zibil eta politikoen alde. Samaniegok berak gogoratu zuen haren eta beste askoren egeora: «Tamalez, asko daude nire egoeran, eta beste ugari espero gaizto horretan».
Azkenean, egun horretan bertan, Samaniego gaztea atxilotu zuten erdialdeko eraikin komertzial batean, aipatutako manifestazioaren amaieran. Manifestazio amaierako ekitaldia behin bukatuta, Samaniego beste lagun batzuekin batera agertu zen pankarta batekin, bildutakoen txaloak eta babesa jasoz.
Handik bost minutura agertu ziren ertzainak, zenbait furgonetatan, eta auto batean eraman zuten Samaniego. Ordutik, espetxeratuta eta dispertsatuta egon da Ekaitz Samaniego. Espetxealdiaren azken hilabeteak Zueran eman ditu, Zaragozan, 2019ko ekainean Murtziako kartzelatik lekualdatua izan ostean.
Elkartasunez beteriko zortzi urte
Ekaitz Samaniegoren kasuak elkartasun olatu erraldoia altxatu zuen Gasteizen eta Araban. Atxiloketaren atarian Gasteizko Alde Zaharrean mugimendu indartsu bat osatu zen gaztearen inguruan, mezua argia zen: “Ekaitz etxean!”. Hilabetez hamaika ekimen eta mobilizazio burutu ziren Samaniegoren eta euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen defentsan.
Atxiloketaren biharamunak ere ez zuen elkartasuna itzali, are gehiago piztu zuen. Hip Hop-ak eta bertsoek bete dute, besteak beste, Ekaitz Samaniegoren ausentzia espetxe zigorra osorik bete behar izan dituen zortzi urte luze hauetan. Gasteizko Gaztetxean, Samaniegoren urtebetetze egunaren bueltan, antolatu izan den “Ekaitz in da house” freestyle txaplektea maitasun nekaezin horren adibide da.
Lau edizio igaro dira dagoeneko “Ekaitz in da house” lehendabizikoz antolatu zenetik. Aurten, urtarrilaren 25ean, bere ediziorik bereziena biziko du freestyle txapelketa honek, azkena hain zuzen, Ekaitz Samaniego etxean dela dagoeneko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!