Arraia-Maeztuk Iturrietako neurketa-dorrea baimendu zuen, hegaztien ugalketa aldia urratu arren
Gaur argitaratu da Iturrietako Mendietan neurketa-dorrea jartzeko baimena emateko Arraia-Maeztuko alkatearen dekretua. Estazio meteorologikoa maiatzaren 6an kokatu zen, hegaztien ugalketa (martxoaren 1etik uztailaren 1era) babesteko akordioa urratu arren. through Alea.eus
Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) asteazken honetan argitaratu du Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategiren (EAJ) dekretuaren laburpena. Agindua maiatzaren 6ko data duela dio dokumentuak, baina maiatzaren 9an oraindik ez zegoen agiri ofizialik eta alkateak berak horri buruzko informaziorik ez zuela ziurtatu zuen orduan.
Dekretu horren bitartez, Arraia-Maeztuko Udalak Aixeindar SA enpresari obra-baimena eman dio Iturrieta-1 estazio meteorologikoa instalatzeko eta desinstalatzeko proiektua aurrera eramateko, “ingurumen-inpaktuaren adierazpena kontuan hartuta”.
Haizea neurtzeko dorre meteorologikoa maiatzaren 5ean eta 6an kokatu zen Iturrietako Mendietan. Orduan, Arabako Mendiak Aske plataformak dorrea “legez kanpokoa” zela salatu zuen, besteak beste, Erroetako kontzejuarekin 2019an sinatutako akordioa eta hegaztien ugalketa babesteko akordioa urratzen dituelako.
Horregatik, Aldundiko Ingurumen Sailari eskatu zioten “lurraldearen zaintza naturala zorrotz betetzea” bermatu dezan, eta Iturrietan kokatutako instalazio hori “berehala desinstalatzeko, argi eta garbi legez kontrakoa delako”.
Hegaztien ugalketa aldi kritikoa
Izan ere, instalazio horretarako ingurumen-inpaktuaren azterketaren ebazpena lotesleak diren baldintzekin finkatu zen, EAEko Ingurumena Babesteko Legearen arabera. Baldintza horiek Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) natura ondarea babesteko neurriak dira.
2021eko martxoan argitaratutako ebazpen horrek ezarritako baldintzen artean dago hegaztien fauna babesteko ugalketa orokorreko aldi kritikoa errespetatzea, martxoaren 1etik uztailaren 1era. “Baldintza horiek ez dira errespetatu, eta dorre hori instalatzeko lanak hedaztientzako garai kritikoan egin dira”, salatu du Arabako Mendiak Aske plataformak.
Horrez gain, Entzia mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) hegazti nekrofagoak kudeatzeko plan bat eta Bonelli arranoa kudeatzen duen beste plan bat daude, hegazti horien bizi eremuak, elikatze eremuak eta anidazio aldiak babesten saiatzeko. “Aixeindarrek natura ondareari buruz indarrean dagoen legeria sistematikoki urratzen jarraitzen du”, salatu dute.
Erroetako kontzejuaren akordioa
Bestalde, Arabako Mendiak Aske plataformak gogorarazi duenez, Erroetako administrazio batzarrak 2019ko ekainaren 30ean haizea neurtzeko dorrea jartzeko baimena eman zion Aixeindarri, eta urtebeteko epea adostu zuen enpresarekin. Aixeindarrek dorre meteorologikoa 2021eko maiatzaren 5ean eta 6an jarri izanak 2019ko abuztuan sinatutako akordioa urratzen duela ohartarazi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!