Arkamuko haizea neurtzeko dorrearen aurkako sabotajea ikertzen ari dira
Arkamu mendilerroan haizea neurtzeko dorre meteorologikoa erorita agertu da. Aixeindarrek sabotaje bat izan dela baieztatu du, bosgarrena 2020ko udaz geroztik; eta gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. through Alea.eus
Parke eolikoen proiektua zeresan handia ematen ari da asteotan. Azken albistea Arkamuko mendilerroan haizea neurtzeko dorre meteorologikoa erorita agertu dela izan da; 81 metro inguruko dorrea da.
Aixeindarrek sabotaje bat izan dela baieztatu du ohar batean, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Aixeindarrek, gainera, “sabotaje etengabeak” gaitzetsi ditu; izan ere, 2020ko udaz geroztik, bost sabotaje zenbatu dituzte dagoeneko Arabako mendietan kokatutako dorre meteorologikoen aurka.
“Toki jakin batzuetan haizearen baliabidea ikertzeko azterketa oro saihesteko hertsadura garbia dira eraso horiek, eta mehatxu bat Euskadiren etorkizuneko energia jasangarritasunerako”, adierazi du Aixeindarrek.
Une honetan, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren EEEk osatutako Aixeindar sozietateak bost proiektu ditu Arabako mendietan parke eolikoak kokatzeko: Arkamun, Iturrietako Mendietan, Labrazan, Azazetan eta Aramaion; azken hori, aste honetan bertan ezagutarazi da.
Arkamuko parke eolikoa, zalantzan
Mugimendu indartsu bat sortzen ari da proiektu horien aurka, gertatutakoarekin zerikusirik ez dutela azpimarratu duten arren. Bitartean, Arabako Mendiak Aske plataformak alegazioak jasotzen jarraitzen du; duela bost egun, 3.000 alegazio baino gehiago jaso dituela iragarri zuen herri ekimenak.
Hain zuzen ere, Arkamun aurreikusitako parke eolikoa aurrera ateratzeko aukera gutxien dituen proiektua da. Izan ere, Diputazioko Ingurumen Sailak berak horren aurkako alegazioak aurkezteko asmoa du; maiatzera arte zabalik dago epea. Foru teknikarien arabera, Arkamuko kokapena ez da egokia.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!