ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko
Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.
Denbora tarte laburrean Polizia ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatzen saiatu zen Gasteizen. Maiatzaren 7an Gasteizko udaltzain batek Olarizu etorbideko etxebizitza batean bizi zen familia batekin erlazionatutako polizia operazioaren irudiak hartzea ekidin nahi izan zion ARGIAko kazetari bati. Maiatzaren 8an, aldiz, TALKA espazio feministaren desalojoaren aurkako protesten berri ematen ari zen Hala Bediko kazetari bati trabak jarri eta telefonoa kendu zion Ertzaintzak.
Orduan iragarri bezala, bi hedabideok kexa bana aurkeztu ditugu Gasteizko herritarren defendatzailearen bulegao den Sindikoan eta Arartekoan Poliziaren jarrera salatuz eta erantzukizunak eskatuz. Aurkeztutako kexek Kazetarien Euskal Elkargoaren (KEE) eta Euskal Kazetarien Elkartearen (EKE) babesa daukate. Kazetarien bi erakundeek maiatzean argitaratutako prentsa-oharretan “gogor” salatu zituzten Poliziaren mehatxuak “informatzeko eskubidearen aurkako ekintzak” zirela adierazita.
Kasuen gaineko balorazioa egitea galdegin zaie herritarren defendatzailearen bi erakundeei, baita Poliziak gertatutakoaren gaineko barne-ikerketarik abiatu duen jakitea ere. Halaber, edozein herritarrek espazio publikoan lanean ari diren poliziaren irudiak hartu daitezkeen edo ez argi dezaten eskatu zaie Sindikoari eta Arartekoari; ARGIAko eta HALA BEDIko kazetariek jasotako bezalako mehatxuak ekidite aldera garrantzitsua baita legedia argitzea.
Informatzen jarraitzeko konpromisoa
Informatzen jarraituko dugu. Ez da lehen aldia poliziak informatzeko eskubidearen eta kazetarien aurka egiten duena, Euskal Herrian eta munduan. Ez da lehen aldia ARGIA eta HALA BEDIko kazetariak direna jazarriak. Iraganeko zentsura saiakeren aurrean esan genuen, eta gaur berretsi egiten dugu: informatzen jarraituko dugu.
Informazio eta adierazpen askatasunak oinarrizko eskubideak dira. Boterearen jardunari eta poliziaren lanari jarraipen kritikoa egitea, jendarte osasuntsu baten eguneroko arrunta beharko luke. Hori horrela ez den bitartean, bereziki ezinbestekoak dira gehiegikerien lekukotasuna ematen duten hedabide independenteak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!