ARGIA salatu dute bi ertzainek hizkuntza eskubide urraketa batez informatzeagatik
22125 eta 23044 gisa identifikatu diren bi ertzaintzek salaketa jarri dute Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian, ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzen aurka, joan den maiatzaren 21ean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta zabaltzeagatik. “Irainak” egotzita bide penaletik salaketa jarri diote eta martxoaren 20an Donostiako epaitegian deklaratu beharko du kazetariak. Ertzaintzak uztailaren 27an sinatutako gutun batean barkamena eskatu zuen hizkuntza eskubideak urratzeagatik egun hartan. Orain jakin da ordea, hizkuntza eskubidea urratu zioten pertsonari Mozal Legeaz isuna jarri eta gertatutako grabatu eta zabaldu zuen kazetariari salaketa jarri diotela. HALA BEDI-k elkartasuna adierazi nahi dio Lander Aberlaitz kazetariari eta ARGIA hedabideari, kazetaritzaren eta kazetarien aurkako eraso hau salatzearekin batera.
ARGIAko kazetariak bideoan grabatu zuen hizkuntz eskubideen urraketa eta sareratu egin zuen. Bideoak milaka ikustaldi izan zituen eta arrabotsa eragin zuen komunitate euskaltzalean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salaketa jarri zuen ertzainek hizkuntza eskubideak urratu zituztela ebatzita. Uztail amaieran, herritarren hizkuntza-eskubideak urratu izana aitortu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Jarraian gutuna osorik eta eskuinean pasarte batzuk nabarmenduta. Lotura honetan dokumentua PDFan kalitate onean.
Eskubide urraketa baten lekuko
Bi ertzainek jarri dute salaketa Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariaren aurka. Salaketan epaileari adierazi diote egun horretan ez zutela inor identifikatu euskaraz hitz egiteagatik edo euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik, baizik eta “Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik”. Maiatzaren 21ean, eta bideoan ageri denez, Ertzaintzak ez zuen arrazoirik eman pertsona hori identifikatzean, nahiz eta inguruan zeuden herritarrek askotan arrazoiaz galdetu.
Ertzaintzak salaketan dio komunikatu gabeko kontzentrazioaren arduradunak identifikatu zituztela. ARGIAk sareratutako bideoetan (artikuluan beherago ikusgai) argi ikusten da Ertzainek lehendik ziztuztela identifikatuta arduradunak, eta gatazka linguistikoa ondoren eragin zutela. Eta hala, orduan identifikatu eta orain isundu duten pertsona da euskaraz mintzo zena eta ertzainei euskaraz hitz egiteko eskatzen zuena. Une hartan ia atxilotu zuten, identifikazioa euskaraz jasotzeko eskubidea zuela aldarrikatzeagatik.
HALA BEDI-k elkartasuna adierazi nahi dio Lander Aberlaitz kazetariari eta ARGIA hedabideari, kazetaritzaren eta kazetarien aurkako eraso hau salatzearekin batera.
Bideoan honako esaldiak erabiltzen dituzte ertzainek euskaraz mintzo zaien herritarrari erantzuteko: “Tú me ya entiendes en castellano” edo “a mí me da igual que te identifiques en vasco, no tengo ningún problema, o te identifico aquí o te identifico en base”. “Herritar bezala eskatzen det euskaraz eskatzeko eta identifikatuko naiz”, izan zen herritarraren erantzuna eta Ertzainak ondorengoa gehitu: “Me estás entendiendo perfectamente”.
Komisaldegira eramango zutela mehatxatu zuten –“primer aviso”–, baina azkenean, beste ertzain batek euskaraz eskatu zion identifikatzeko eta orduan bai eskura eman zion nortasun agiria. Segituan, euskaraz aritu den ertzainak gaztelaniaz soilik ari zenari eskura eman zion nortasun agiria. Eta identifikatutako pertsonari berriro esan zion “me estabas entendiendo perfectamente”.
Testuingurua: Donostiako borroka sozialen astean
Ernairen prentsaurrekoa bat zen Bizitza Da Handiena protesta sozialen astearen barruan. Donostiako turistifikazioa salatzeko, Elkano kalean eraikitzen ari ziren hotelaren atarian egin zuten agerraldia. Aste horretako ekimen gehienak bezala, instituzioei baimenik eskatu gabe egin zuten instituzioen jarduna salatzeko agerraldia kalean. Prentsaurrekoaren berri emateko hurbildu ziren kazetarietako bat zen ARGIAkoa.
Agerraldia hasita zela heldu zen Ertzaintzaren patruila bat. Agerraldiak bost minutu iraun zituen. Amaitutakoan, hitza hartu zutenak zutenak identifikatzera joan ziren ertzainak eta une horretan gutxienez pertsona bat identifikatu zuten. ARGIAk orain jakin duenez, pertsona horri ere Mozal Legea aplikatu zioten komunikatu gabe prentsaurreko bat egiteagatik kalean.
Ertzainak identifikazioak egiten hasi zirenean, inguruan zeuden kazetari eta herritar ugari egoera grabatzen hasi ziren. Telefonoarekin grabatzen hasi zirenak ere identifikatzeari ekin zioten ertzainek, eta horietako batzuk behin baino gehiagotan. Jendearen nortasun agiriak hartuta, zirkulu bat osatu eta erdian agerraldian hitz egin zuten hainbat lagun atxiki zuten. Arratsaldeko 17:00ak ziren eta ingurura gero eta jende gehiago biltzen hasi zen, orduan eta kamara gehiago gertatzen ari zena grabatzen, eta beraz, gero eta pertsona gehiago identifikatzen jarraitu zuten ertzainek, giroa are gehiago tentsionatuz.
20 bat minutuz luzatu zen bost minutuko prentsaurrekoa identifikatzeko operazioa.
ARGIAren bideoak
Azpian ikusgai dauden bi bideoak dira ARGIAk egun hartan grabatutakoak. Lehenengoan ikus daiteke erdian dauzkatela identifikatuta prentsaurrekoaren ustezko arduradunak, baita pertsona hauez gain grabatzen ari ziren beste hainbat pertsona ere identifikatu zutela, batzuk hainbat aldiz.
Lehena amaitu eta hainbat minutura grabatzen hasia da bigarren bideoa. Ertzainek kazetariaren aurkako salaketan diote ez dutela euskaragatik identifikatu, antolatzaileak identifikatzen ari zirela baizik. 35. segunduan, pertsona batek ertzainei esaten die “nahikoa” dela, dagoeneko identifikatuta daukatela bera eta bere nortasun agiria badutela.
Ertzaintzaren kontraesanak
– Ertzaintzak ofizialki barkamena eskatu zuen uztailean hizkuntza eskubideak ez errespetatzeagatik. Halere, ARGIA salatu duten bi ertzainek ukatu dute haiek barkamena eskatu izana.
– Ertzaintzak hizkuntza eskubideak urratu dituela aitortu arren, gertaera dokumentatu zuen kazetariaren aurkako salaketa jarri dute eta hizkuntza eskubideak urratu zizkioten pertsona isundu egin dute, Mozal Legea erabiliz.
– Euskaraz hitz egiteagatik eta euskarazko harremana eskatzeagatik funtzionario publikoekin izandako tira-bira baten ondorioa da bere isuna eta ARGIAren aurkako salaketa. Ertzaintzak dio prentsaurrekoaren arduradunak identifikatzen ari zirela. Horiek hasieratik identifikatuta zituzten, bideoan ikusten denez. Mozal Legeaz zigortu duten pertsonaren identifikazioa gatazka linguistiko baten ostean gertatu zen, orain “ertzainen lana oztopatzen” ari zela argudiatzen badute ere. Ertzainek haien aurkako irainak aipatzen dituzte, baina une horretan kazetaria begi aurrean zuen egoeraren interpretazioa besterik ez da. Hizkuntza gatazka baten ondorio dela identifikazioa interpretatzea guztiz zentzuduna da, eta bideoa da horren froga nagusia.
Eguneroko bizitzan horrelako hizkuntza eskubide urraketak euskaldunei sarri gertatu arren, ia sekula ez dira dokumentatuta geratzen. Eta hortaz, oso gutxi dira salatzen direnak, eta are gutxiago, instituzio batek barkamena eskatzea lortzen dutenak. Horregatik da garrantzitsua interes publikoa duen bideo hau argitaratzea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!