[ARGAZKI GALERIA] Hasi dira Zaharraz Harro jaiak
Jai autogestionatuei hasiera ematearekin batera, Korda aurkeztu dute: auzoko herri egituren espazio berria.
Ezusteko batekin hasi dira aurten Zaharraz Harro jaiak: ohiko txupinaren ostean, Bollerias plazatik kalejiran eta Melillako sarraskia salatzeko elkarretaratzearekin bat egin ostean, auzoarentzako berreskuratutako espazio berrira abiatu dira Alde Zaharreko bizilagunak, eta eta olio eta garagardo dastaketa egin dute han.
Korda da espazio berri horren izena eta Pinto kaleko 51. zenbakian dago. Alde Zaharreko herri egiturak garatu eta indartzeko sortu da; autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa «harilkatzeko». Auzokideak bildu, elkartasuna antolatu eta borrokarako lekua izango da.
Zaharraz Harro jaien baitan, aste osoko egitaraua antolatu dute Kordan: asteartean, ekainak 28, auzolana; asteazkenean, ekainak 29, «Prezioen presioa» hitzaldia; ostegunean, ekainak 30, «Egunero jaten delako» afari-merienda; eta igandean, uztailak 3, destxupina.
Horretaz gain, datozen egunetan, ehun ekimen baino gehiago antolatu dira Zaharraz Harroko egitaraua betezeko. Hilak 30 dituenean, ostegunean, txapelketa autogestionatuen finalak eta jaialdia ospatuko dira auzolana pilotalekuan, kanporaketekin maiatzean hasi ostean.
Larunbat goizean, 10:30etan, egingo da aldarrikapen jolasa edo «ginkana». Bestalde, Pinto kalean egingo da aurten Herri bazkaria. Norberak bere mahaiak, jana eta platerak eramateko deia luzatu dute, auzokideekin partekatzeko. Hala ere, sukaldeko lanean taldetxo bat egongo da, eta apuntatzeko aukera ere zabaldu dute lagundu nahi duenarentzako. Izena emateko harrozaharraz@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute.
Jaiei agur esateko destxupina igandean izango da, 19:00etan.
Hala Bedi irratiko Kafe Expreso irratsaioko kideek antolatutako programazioa, Kartzelak hustu, auzoak bete! lelopean, ekainaren 29 eta 30ean eta uztailaren 1ean. Hitzaldia, zuzeneko emisioa, kalejira eta jai giroko ekimenak antolatu dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!