Eragile feminista ezberdinek bestelako Azkena Rock baten aldeko apostua egin dute
Kolektibo feminista ezberdinek hiru konpromiso eskatu dizkiote Gasteizko Udalari eta jaialdia antolatzen duen Last Tour International enpresari. Aurten, soilik gizonezkoak dituzten taldeak karteletik ezabatuz gero, lau taldek joko lukete jaialdian.
Ez da berria: kolektibo feminista ezberdinak urteak daramatzate Azkena Rock eta antzeko musika ekitaldietan emakumeen presentzia urria salatzen, Last Tour Internationalek antolatzen dituen festibaletan bereziki. Aurten, adibidez, soilik gizonezkoak dituzten taldeak karteletik kenduko bagenitu, lau talde baino ez lirateke geratuko; erdi hutsik kartela.
Pertsona eta elkarte sinatzaile ezberdinek –Plaza Feminista, Sare Antifaxista, Plazandreok, Joango Gara, Sare Lesbianista, Musika Zuzenean…- emakumeen presentzia urria eta Gasteizko Udaletik 270.000 euro diru-laguntza publikoa jasotzen salatu dutela salatu dute. Zentzu honetan, hiru konpromiso aldarrikatu dituzte “berdintasunaren eta feminismoaren alde egiten duten musika mundua oinarri hartuta”.
1. Musika ekitaldi berdintzaile baten aldeko bidea egitea. “Emakumeak behar ditugu eszenatokietan. Enpresa sustatzailearen eta Gasteizko Udalaren konpromisoa behar dugu hurrengo urteetan berdintasunaren alde lan egiteko, emakume artisten zenbatekoa areagotzeko, lehentasuna emanez emakumeen presentzia duten musika taldeei”. Horrela, parekidetasunera helduko den Azkena Rock bat aurreikusten dute.
2. Prebentzioa eta sentsibilizazioa. “Gasteizko Udalaren laguntza eskatzen dugu eta musika ekitaldiaren antolakuntzari borondatea, stand informatzaile bat ezartzeko indarkeria matxisten inguruan prebentzioa lantzeko, elkarte eta eragile feministen elkarlana bultzatuz, material informatiboaren kostua Udalaren esku geldituz.
Honetaz gain, eraso matxisten gaineko prebentzio lana osatzeko garrantzitsua iruditzen zaie sentsibilizazio kanpaina bat martxan jartzea:
- Musika jardunaldietan erabiltzen diren plastikozko edalontzietan eraso matxisten aurkako leloak.
- Azkena Rock eraso matxista, LGTBIQfobiko edo arrazista gabeko eremua dela aitortzen dituzten kartel eta pankartak ezartzea.
3. Ekitaldi eremuen barnean eraso matxistak erantzuteko esparru feministak ahalbidetzea aldarrikatzen dute, eraso matxista, LGTBIQfobikoak edo arrazistei erantzuna emateko. “Gasteizko Udalari eta ekitaldien antolakuntzari puntu moreak ezartzea exijitzen diogu, non salaketak egin eta asistentzia emango zaien behar duten emakumeei”.
Puntu moreen kudeaketa eragile feministekin adostu beharreko zeozer dela uste dute, “antzemate-detekzio protokolo bat bermatuz eta Udaltzaingoarekin koordinatuz”.
Manifestua babesteko, hemen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!