Arabako pentsionistek Gasteizko kaleak hartu dituzte
Arabako Pentsionistak Lanean eta Bizitza Duinaren Alde elkarteek aurreikuspenak bete dituzte eta oso jendetsua izan da Gasteizen otsailaren 22an egin duten manifestazioa. Pentsionistek eta pentsionistak ez direnek Artium eta Andra Maria Zuriaren enparantza lotzen dituzten kaleak hartu dituzte orain arte egindako mobilizazio handienean.
Nabarmendu dutenez, “pentsio duina ez da alargunen 480 euroko gutxieneko pentsio hori, ez da bataz besteko gure 760 euroko hori. Pentsio duinaKPIaren arabera erosteko ahalmena gaurkotuz mantentzea eta gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea da”.
“Ezin dugu inolaz ere onartu gure gizarteko pertsona talde zabal bati pentsioen %0,25eko ‘igoera’ ezartzea, eta, gutxienez, 2022ra arte horrela jarraituko duela mehatxatzea. Gure aurpegira barre egitea da hori”, adierazi dute manifestazioaren amaieran.
Modu berean, hiritar talde honek azken 20 urteotan pentsioak %40a murriztu izana gaitzetsi dute. “Bitartean, ankuen irabaziak handitzen jarraitzen dute, eta IBEXeko goi-exekutiboen ordainsariak %15en gehitu dira”.
Fatima Bañezen hitzak gezurtatu dituzte: “Ahaztu zaio 2013an ez zigutela igo 2012ari zegokion %1,9ko igoera? Ahaztu al zaio 2016ko KPIaren gehitzea pentsioen gehitzea baino 6 bider handiagoa izan zela, eta 2017an 4 bider handiagoa?”. Honekin, “mozorroa” kentzeko exigitu diote Espainiako Gobernuari.
Hileko lehenengo astelehenetan, Andra Maria Zuriaren enparantzan, elkarretaratzea egingo dute 12:00etan. Lehenengo kontzentrazioa datorren martxoaren 5ean izango dela iragarri dute. “Baditugu arrazoiak borrokan jarraitzeko”, amaitu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!