Arabako Osakidetzan arauz kontrako kontratazioa egiten ari direla frogatu dute
Arabako Osakidetzako LAB sindikatuko delegatuek zentroetan egiten diren iruzurretan oinarritutako kontratazioa frogatzen duen txostena aurkeztu dute. Hain zuzen ere, 8.000 bidegabeko kontraturekin, Enplegu Publikoko Eskaintzara atera beharko liratekeen 400 lanpostu baino gehiago ezkutatzen ari dira. Lanpostu hauek egiturazko plantillan egon beharko lirateke.
Araba ESIko LAB sindikatuko ordezkariok 2017an egindako kontratazio guztiaren azterketa egin dute, eta horren emaitza txosten batean aurkeztu dute. Datuak “eskandaluzkoak” direla salatu dute eta “emergentziazko egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzea eskatzen dute”, adierazi du LAB sindikatuak.
“Zerbitzuaren beharrei” erantzuteko kontratuak kontratazio guztiaren %54a dira txosten honen arabera eta Araba ESIko 400 plaza ezkutatzen dituzte. LABek sute duenez, plaza hauek ohiko egituran txertatu beharko lirateke eta barne mugikortasun eta EPE prozesuetan eskaini.
Arabako datuak estrapolatuz gero, gaur egun 2016-2017rako bideratzen ari den EPEaren tamainako beste EPE bat egin ahalko litzateke ezkutuan dituzten plaza guzti horiekin.
Egindako 15.000 kontratuetatik 8.000k erakusten dute “prekarietatearen aldeko apustua egiten ari dela Osakidetza”. Kontratazio koiunturala edo zerbitzuaren beharrak betetzekoa, aldi baterako kontratazioaren %54a da, orokorrean. Kategoria guztietan antzeko egoera ematen da, urte guztian zehar. Osasun mentalaren arloan %36koa da.
Adierazi dutenez, 2015 eta 2016 urteko datuak aztertu nahi dituzte, baina urte horietan igorri dizkieten txostenak “osatugabeak eta gardentasunik gabekoak” dira.
Osasun Mentalean “opakotasunak”
Araba ESIko kontratazio txostenari buruz gardentasun eza aipatu duten moduan, Arabako Osasun Mental Sarearen txostenaren kasuan opakutasuna aipatu dute. “Ematen dizkiguten datuekin ezinezkoa zaigu zerbitzu beharrak betetzeko egindako kontratazioen atzean dauden ezkutuko lanpostuak antzematea”.
Argibideak ematea eskatzen duten ehunka egoera irregular antzeman dituzte, eta argibide horiek eman ditzatela espero du sindikatuak.
Zerbitzuek behar dituzten lanpostuak Osakidetzak bere gain hartu behar dituela uste du LABek, “egiturazko kodeak esleituz, plazak sortzeko”.
“Larrialdi egoeran gaude, osasun sistema inoiz baino ahulago dago, oinarri ahulak ditu azken urteetan eremu pribatua sortzen ari den lurrikararen aurrean”, gaitzetsi dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!