Arabako neska* gazteen III. topaketak egingo dituzte Agurainen, elkar saretu eta elkarrengandik ikasteko
Hirugarrenez antolatu dituzte Arabako neska* gazteek topaketak. Aurten, uztailaren 3an bilduko dira Agurainen, "Probatu ez duenak ez daki zer den hau! Saretu, antolatu, eragin" lemapean. Arabako txoko guztietako kideak saretzeko helburuarekin egun osoko egitaraua antolatu dute, feminismotik eta gaztetasunetik eragiteko helburuarekin.
Azken urteetan Amurrio eta Zuiatik pasa ondoren, aurten Agurainen elkartuko dira Arabako neska* gazteak uztailaren 3an. Azaldu dutenez, “bizi dugu egoera honetan elkar saretzea are beharrezkoagoa zaigu. Izan ere, harreman sozialak garatzeko eta eztabaidarako espazioak sortzeko oztopoak milaka dira. Guk aldarrikatzen dugu espazio horiek esentzialak direla ere. Hori dela eta, topaketa hauek feminismotik eta gaztetasunetik, hausnartzeko, eztabaidatzeko, formatzeko, kospiratzeko… espazioa izatea nahi dugu”.
Egitaraua ere aurkeztu dute. Goizeko 10:00etatik aurrera, hainbat tailer egingo dira: “Barne osasuna pandemia garaian”, “Feminismotik pribilegio zuria aztertuz + identitatea(k) tailerra”, edo “Neska* gazteon genealogiatik”, esaterako. Aisialdirako tartea ere izango da, bazkari autogestionatua, bingo musikatua, zunba, eta kontzertu akustikoak egongo baitira. “Mani musikatua”rekin amaituko dute eguna arratsaldeko 19:30etan.
Lehenengo topaketetan azpimarratu zuten herrialdeko neska* gazteak elkartzearen beharra. Oraingoan ere, euren arteko antolaketan aurrera urrats berri bat ematera doazela azaldu dute.
Probatu ez duenak ez daki zer den hau! Saretu, antolatu, eragin lemapean, neska* gazte guztiei egin diete topaketan parte hartzeko zein neska* gazte taldeetara batzeko deia, “hauetan antolatzea eragiteko ezinbesteko izateaz gain, ahalduntze kolektiborako tresna ere badirelako”.
Amaitzeko, neska* gazteek antolatzeko eta jardun politikoa aurrera eramateko izan dituzten zailtasunak mahaigaineratu nahi izan dituzte, eta beraz, “zailtasun horiei aurre egiteko egitasmoa izango dira topaketa hauek”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!