[ARGAZKI GALERIA] Arabako Metaleko milaka langile atera dira kalera, laugarren greba egunean
Mercedeseko langileak ere batu dira grebara, lan gatazka tentsio uneak bizitzen ari dela.
Azken bi hilabeeetako laugarren greba eguna da gaurkoa Arabako metalgintzako langileentzako, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deituta. Aurreko grebak arrakastatsuak izan zirela esan zuten sindikatuek aho batez, eta gaurkoan ere hala iritzi diote: SNA Europe, SDA Factory, Alestis, Inauxa, Jez, Tubacex edota Condesa bezalako enpresa handietan produkzioa geldiarazi da eta tailer txiki askotan ere jarraipena zabala izan da.
20000 langile inguru daude grebara deituta, sektorearentzako hitzarmen duin baten alde, KPIaren araberako soldata igoerak jasoko dituena, besteak beste.
Pikete informatiboak egin dituzte goizeko lehen txandetan, eta manifestazioa ondoren. Milaka langilek hartu dituzte kaleak, 11:0etan Bilbo Plazatik hasita. Arratsaldean ere elkarretaratzea egingo dute.
Gasteizko Mercedes Benz lantegiko lan gatazka ere tentsio handiko uneak ari da bizitzen. Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa blokeatua du zuzendaritzak. Langileek, besteak beste, inposatu nahi dieten seigarren gau-txandaren aurka egin dute.
Atzo greba egin zuten Mercedesen, %95eko jarraipenarekin, eta gaur sektoreko grebarekin egin dute bat. Arabako metalgintzako enpresarik handiena da Mercedes, 5.000 pertsona inguruk egiten dute lan. Arratsaldean mobilizazio propioa egingo dute, 18:30ean Probintzia plazan.
Olazabal y Huarte eta Laminaciones Arregui enpresetan ere lan gatazka propioak dituzte eta greba eta mobilizazioetara gehitu dira gaurko egunez, dinamika osoan zehar egin duten bezala.
Irailaren 21, 22 eta 23rako deitu dituzte hurrengo grebak. Azken hilabeteetan plataforma sindikalaren eta mobilizazioen ardatz izan diren aldarrikapen nagusiei eutsiko diete langileen sindikatuek:
- 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
- Lanaldia murriztea.
- Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
- Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta “pertsonak zentroan jartzeko” beste lan baldintza batzuk.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!