Arabako Metalean lanuzteak deitu dituzte sindikatuek, apirilaren 8rako
Martxoaren 25ean bildu zen berriro Arabako metalgintzako negoziazio mahaia eta patronala mugitu ez zela eta, ez zen inolako aurrerapenik egon, sindikatuen arabera. Hori dela eta, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk lanuzteak deitu dituzte.
Apirilaren 8an bi orduko lanuzteak egingo dituzte Arabako Metalaren sektoreko langileek, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deituta. SEA patronalak negoziatzeko borondaterik adierazi ezean mobilizazioak indartuko dituztela azaldu dute.
Bost urte daramate Arabako Metalean hitzarmenik gabe eta lau urte patronalak negozioazioa blokeatua duela. Horregatik, “salto kualitatiboa” emateko garaia dela uste dute aipatu sindikatuek, eta sektoreko langileei “borroka irmoago” baterako aukera eskaintzekoa. Irakurketa bera egin arren mobilizaziorik deitu ez duten sindikatuei batzeko gonbita luzatu diete, ELA eta UGT-ri hain zuzen.
“Argi dugu lanuzte eta grebekin soilik lortu ditugula lan baldintza duinak”, berretsi du LABeko bozeramaile Igor Chillónek. Zehazki, KPIaren gaineko soldatak, lanorduak murriztea, subrogazioa, laneko osasunerako neurri eraginkorrak, berdintasun neurriak eta aldi baterako lana mugatzea eskatzen dute, besteak beste.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!