Arabako Errioxan Korrika propioa izango dute, Korrikaren babesarekin
Eskualdeko euskaltzaleek apirilaren 9an Vianatik eta Bastidatik zutabe bana abiatuko dute, eta, Guardiara iristean, festa handi bat egingo dute. through Alea.eus | Juanma Gallego
Aurtengo Korrika ez da Arabako Errioxatik pasako, baina horrek ez du esan nahi euskararen aldeko aldarria bertatik igaroko ez denik. Izan ere, 2013an eta 2017an egin zuten modu berean, aurten ere bertako euskaltzaleak antolatu dira Korrika propioa egiteko.
Aurreko edizioetan, euskara festa giroan aldarrikatzeaz gain, Korrikaren ibilbidetik kanpo geratzeagatik ekimenak “protesta” kutsu bat izan zuela onartu du Andoni Landa Ttiki-Ttaka elkarteko kide eta IKAko irakasleak. Eskualdean ere Korrikan parte hartu nahi duen euskalgintza mugimendu bat badagoela argi utzi nahi zuten.
Aurten, baina, gauzak bestelakoak izango dira, eta protesta kutsu hori alde batera utzi nahi dutela aurreratu du Landak. “Hasi baino ez gara egin prestakizunetan, baina, printzipioz, eta kontrakorik ez badago, Korrikaren babesa izango dugu, eta haien kartelak eta petoak erabiliko ditugu”.
Ttiki-Ttaka elkarteak deituta, joan den astean bilera bat egin zuten herri gehienetako euskaltzaleek, eta erabaki zuten aurten ere “zerbait egin” behar zutela. Horrela adostu zuten apirilaren 9an, goizez, Vianatik (Nafarroa) eta Bastidatik zutabe bana aterako zela, eta, herri desberdinetatik igaro ostean, Guardian bukatuko zutela eguna. Oraindik xehetasun guztiak erabakitzeke dauden arren, egitasmo hori dute buruan. Data hori baino lehen, zenbait kultur ekitaldi antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Landak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!