Araba mailako lan-hitzarmena aldarrikatu dute erresidentzia pribatuetako langileek
Duela urtebete hasi zen lan gatazkaren baitan hamabosgarren aldiz elkartu ziren Arabako foru Aldundiaren aurrean erresidentzia pribatuetako langileak. Bestek beste, soldata baxuei, lan kargari, eta langile kopuru murritzari aurre egingo dion lan-hitzarmen bat aldarrikatu zuten.
Probintzia plazan, Arabako foru Aldundiaren aurrean, elkarretaratzea egin zuten atzo adinekoen egoitzetako langileek. Urte bat bete zen iragan otsailaren 6an sektore honetako langileak lehendabizikoz kalera atera zirenetik, egoitza pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan nagusi diren ELA. LAB, UGT eta CCOO sindikatuen eskutik. Urtebete igaro ostean kalean jarraitzen dute mobilizatuta lantokietan pairatzen duten prekarietate eta babes gabetasun egoerak jendaurrean salatzen.
“Soldata baxuak eta lan karga handia” horrela deskribatzen dute sektore feminizatu honetako langileek euren eguneroko jarduna. Langile kopuru urriak gainera eginbehar konkretuak betetzeko kualifikazio falta suposatzen du. Sektoreak pairatzen dituen gabezia guzti hauek zentro txikietan “larriagoak” direla salatu dute, non familia-kontziliazioa “ia ezinezkoa den”.
Estatu mailako lan hitzarmena izanik Arabako adinekoen erresidentzietan indarrean dagoena, asko zailtzen du lan baldintza duinen negoziaketa. Bizkaia eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen lan baldintzekin parekatzea dute helburu Arabako egoitza pribatuetako langileek. Bi herrialde hauetan mobilizazio luzeen ondorioz lortu dituzte soldaten eta lanorduen hobekuntzak besteak beste.
Urtebete borrokan
Mobilizazioekin hasi zirenetik Probintzia Plazan egiten duten hamabosgarren elkarretaratzea zuten atzokoa. Araba mailako lan-hitzarmen baten aldeko borrokan beste hainbat ekimen ere burutu dituzte erresidentzia pribatuetako langileek, horien artean 4.000 sinaduratik gora jaso dituen sinadura bilketa bat abiatzea edota alderdi politikoekin harreman bira bat abiatzea.
Azken harreman bira horretatik Arabako alderdi guztien, EAJ salbu, idatzizko konpromisoa jaso zuten herrialde mailako lan hitzarmen baten negoziazioa bultzatzen laguntzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!