Araba Bizirik: “Argi utzi nahi dugu alternatibak daudela eta behin eta berriro azaldu ditugula”
Prentsaurrekoa egin du gaur, asteazkena, Araba Bizirik!ek, makroproiektu industrialen aurkako mugimenduari erakunde publikoek egindako "gaitzespena" salatu eta plataformaren proposamenak azaltzeko. Urriaren 23rako deitu duten manifestaziorako deia ere luzatu dute eta atxikimenduak aurkeztu dituzte.
Araba Bizirik! plataformak salatu du makroproiektu industrialen aurkako mugimenduari “deskalifikazio” bidez erantzun diotela erakundeek eta, “zehazkiago, EAJk, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren hitzen bitartez”. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak entzungor egin die proiektu horiek eragingo duten kaltea azaldu duten eragileei eta “oposizio guztia gutxietsi dute”.
Roberto Ruiz de Arkauteren hitzetan, “energia berriztagarrien aurka gaudela erabili nahi izan dute argumentu gisa, eta ez dugula alternatibarik eskaintzen; hori guztiz faltsua da. Nahi duguna da betikoen negozio ez bihurtzea”.
Horren aurrean, argitu nahi izan dute, besteak beste, proiektu horietako bakoitzarentzako “alternatibak badaudela” eta “behin eta berriz” azaldu dituztela, eta erakundeek entzutea eta akordioetara iritsteko borondatea izatea besterik ez dela behar horiek aurrera eramateko. “Badirudi enpresekin akordioetara iritsi direla eta alternatiba hauek ez dituzte kontuan hartu ere egiten”, gehitu du Ruiz de Arkautek.
Horretaz gain, gogorarazi dute planteatutako proiektu horiek “enpresa handien onura baino ez dakarrela”. Aitzitik, beharrezkoa da, Araba Bizirik!en arabera, “pertsonak errespetatuz eta lurraldeko ingurumen balioen kontserbazioarekin bat eginez” ezartzea energia iturri berriztagarriak, “modu ordenatuan eta planifikatuan”. Horretarako, Lurralde Plangintza Sektoriala (LPS) onartzea exijitzen dute, Lurralde Antolamenduko Gidalerroek jasotzen duten bezala.
Makroproiektu industrialak eta alternatibak
Hilabeteak joan dira Arabako hainbat eragile makroproiektu industrialen aurka batu eta Araba Bizirik! plataforma aurkeztu zutenetik. Lau dira Arabako “natura eta landa eremua mehatxatzen dituzten” proiektu horiek:
- lurraldeko mendikateetan zentral eolikoak eraikitzea,
- nekazal balio handiko eremuetan zentral fotovoltaiko erraldoiak jartzea,
- elikagai sistema jasangarrien inguruan Eusko Jaurlaritzak sinatutako irizpenak urratzen dituzten nekazaritza ekoizpena areagotzeko industrializazio proiektuak bultzatzea,
- eta egungo trenbide sarea abiadura handiko trenak bakarrik erabiltzeko bikoizteko proiektuarekin aurrera egitea.
Guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren onespen eta babesarekin egin dira, “trantsizio energetikoa”, “azpiegituren hobekuntza” edota “elikagaien berrikuntza” bezalako argudioak aitzakiatzat darabiltzatela, Araba Bizirik!en arabera. Izan ere, instituzio publikoek ez dituzte kontuan hartu proiektu horiek lurraldean eragingo lituzketen kalte guztiak, plataformak behin eta berriro salatu dituenak. Araba Bizirik! osatzen duten kolektiboek alternatiba konkretuak proposatu dituzte proiektu guzti horientzako; AHT-rik EZ!, Arabako Mendiak Aske, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua eta Proiektu Honi Ez!-ek, hain zuzen.
Urriaren 23ko manifestazioa
Gauzak horrela, urriaren 23an egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute, “natura eta landa ingurunearen aurkako proiektuak geldiaraztea beharrezkoa delako, pertsonen ondarea baitira, eta ez korporazio handiena”. 50 eragile baino gehiagok eman dute manifestaziorako atxikimendua, eta plataformaren webgunean zabalik dago atxikitzeko aukera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!