Amnistiaren aldeko martxa jendetsua egin dute Zaballako espetxera
Aske Antolakundeak Ertzaintzak eragidako trabak, mehatxuak eta jazarpena salatu ditu.
Zaballako espetxera martxa jendetsua egin dute gaur, Aske antolakundeak deituta, preso politikoen amnistiaren alde.
Indar polizialak martxa oztopatzen saiatu direla salatu du Aske Antolakundeak. Ohar batean azaldu dutenez, martxa hasteko joaldunak mugitzen hasi direnean, horiek geldiarazten saiatu dira Ertzainak: “Joaldunak kotxearekin harrapatzen eta borrak eskuetan zituztela martxa geldiarazten saiatu dira”.
Martxak aurrera jarraitu du hala ere, espetxetik gertuen dagoen puntura iritsi arte. Bukatu denean, baina, kontrola jarri du Ertzaintzak, berriro ere han izan diren pertsonak jazarriz: pertsona guztiak katxeatu, grabatu eta miatu dituztela salatu dute, eta dozenaka laguni heriotza mehatxuak egin dizkietela.
Pertsona bati, gainera, ostikoak eman eta lepotik heldu diotela ere azpimarratu dute. Beste batzuei desordena publikoaren delitua egotziko dietela egin diete mehatxu.
Aske antolakundeak “gaitzetsi” egin du “zipaioen” jarrera eta amnistiaren aldeko borrokan “buru belarri” lanean jarraituko duela adierazi du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!